Lexikoa

George HERELLE

Georges Hérelle (1848-1935) Champagne eskualdekoa zen sortzez, eta Euskal Herrian pastoralez egin zituen ikerlanengatik ezaguna da bereziki. Bizkitartean, ez zekien batere euskararik, franko berant jin baitzen Euskal Herrira. 50 urte hurbil zituela. Baionan hil zen 87 urteetan. Aitzinetik, Blasco Ibañez-en itzultzailea ere izan zen  baita G. D'Annunzio-rena ere. Honekin bereziki adiskidantza harreman hertsiak izan zituen, eta Frantzian ezagutarazi zuen. Homosexualitateari buruz ere ikerketak eta gogoetak egin zituen, baina ez ziren lan haiek hain ezagunak izan, batzuk argitaragaberik gelditu baitziren, eta beste batzuk, izengoiti batekin agertu baitzituen.
Bulletin du Musée Basque aldizkarian (1932koa), Georges Hérellek kontatu zuen nola izan zuen berak Xiberoko pastoralen berri :
1899ko martxoa zen, hiru urte hartan Baionan bizi nintzen, eta ez nuen euskal teatroaz sekula deus ere entzun. Euskal Herria ez zen oraino modan eta nehor ez zen axolatzen han gertatzen zirenez. Behin, Lizeotik ateratzean gaztelerako irakasle zen Leclerc jaunarekin mintzo nintzela, Xiberoko pastoralak aipatu zizkidan. Pastoralak ? Zer ote dira ? galdegin nion ezagutzen ez nuen hitz horrek estonaturik. Xiberoko gazteek herriko plazetan noiz edo noiz jokatzen dituzten antzerkiak dira.
Jakin-mina pizturik, G. Hérellek pastoral baten ikustera joatea deliberatu zuen. Abraham pastorala ikusi zuen, Hauzen, 1899ko apirilaren 16an. Emanaldi horrek liluratu zuen. Guziz xarmaturik itzuli zen handik, ikusgarri haren berezitasunak, eta oroz gain haren arkaismoak, liluraturik eta seduziturik.

Pour en savoir plus sur George Hérelle

 

Raymond edo Erramun TARTACHU

Erramun Tartachu Urdiñarbeko Utigerrenborda etxean sortu zen 1923ko uztailaren 3an.Bi haurride ziren, anaia eta arreba. Urdiñarbeko eskola publikora joan zen 13 urte ukan arte. Gero familiako etxaldeko kabalekin (behi eta ardi) lanean arizan zen baina oroz gainetik Mauleko zapatagintzan langile gisa (Elissabide eta Pataugas marka, Gema kautxuegilea). Erretreta 58 urtetan hartu zuen.

1936tik dantza xiberotarri interesatu  zaio Erramun: urte hartan Urdiñarben eman maskaraden biharramunean, frijat ospetsuak berriz egiten entseatzen hasi zen. Lambarre auzoko Ahetzenborda etxeko Alale Arricau dantza maisua ukan zuen, garai hartan, jakinez  beste dantza maisu ezagunik ere bazela  herrian (André Chilope, Petti Aguerre, Clément Lastère, Pierre Bergeotte). Urdiñarbeko dantzariak maskarada eta pastoraletan ari ziren (maskarada 1949an, 1950an pastorala), baina  herritik kanpo ere, batez ere maskaradako bost dantzari hoberenak (aitzindariak), jende lerroaren buru emanak. Noizbehinka, Barkoxeko zoin Sohütako dantzari zaharrenganik aholkuen biltzera joatea maite zuten.

1960tik landa dantza xiberotarrak irakasten hasi zen Erramun Urdiñarben, baina batzuetan  kanpoan ere (dantzarekiko zaletasuna berriz sortarazi zuen Muskildin, Bunuzen). Dantza maisua gisa hura zuen Urdiñarbeko azken maskarada 1982koa da. Muskildin gidatu zituen pastorala eta maskarada 1985ean eta 1987an hurrenez hurren.

Erramun Tartachuk Jacques Larrondo ontsa ezagutu zuen, hura bezala Urdiñarben 1926an sortua eta dantzaria baitzen, Pauen lanean aritzera herritik 27 urtetan joana zena. Jacques Larrondok 1970ko hamarkadatik landa, dantza xiberotarraren berpizten lagundu zuen, (Xiberoko Zohardiaren sortzea 1972an), Erramun Tartachuren gisako dantzari ohiak gazteen artean irakasle lanetan sar zitezen konbentzitzen saiatuz.

 

 

Jean-Fabien LECHARDOY

Jean-Fabien Lechardoy 1952an sortu zen. Barkoxeko eskolan ibili ondoan, Mauleko Saint-François kolegiora jarraiki zituen ikasketak eta ondotik Oloruen harakin aprendiza bilakatu zen. Familiako harategian bizi guzian ari izan ondoan, gaur erretretan da.

Hogei urterekin dantza urratsak ikasi zituen Alexis Üthürry "Larranda" eta Jean-Pierre Üthürry "Artaguiet" osabengandik eta aitatxirengandik, Alexis Picotchet  txülülariak lagundurik. Bi urte berantago, 1974an,  Etxahun Barkoxe pastoralean parte hartu zuen formakuntza hartarik sortu bost dantzariko  taldeak, eta hola ibili zen zazpi edo zortzi urtez.

Jean-Fabienek hamabost urtez irakatsi zuen dantza. Barkoxeko kultura bizian parte hartzen du maskaraden bidez, ateraldi ezberdinen bidez, pastoralen bidez Etxahun kultura elkartean eta 1998az geroztik errejent gisa.

Bere jakitatea transmitituz, xiberotarrak batzen dituzten kultur usaien jarraikitasunean eta erreberritzean parte hartzen du.

 

 

Jean-Pierre RECALT

Jean-Pierre Recalt 1952ko apirilaren 13an Saint Estèphe (Gironde) herrian sortu zen. Mahastietan lan egiten zuten haren aitamek.

Sei hilabete zituelarik Altzaira sartu zen familia.  Jean-Pierrek bi anaia eta arreba ditu. Altzaiko eskola pribatuan hasi zituen ikasketak. Han berean kurtsoak ematen zituen Errezarret apezak gazteei eskaini dantzaren eta kantuaren lehen  irakaspenetan eragin handia ukan zuen, baita  euskara eta euskal kulturarekiko sentiberatzean ere.

Marcel Errezarret apezari esker, atabal joile eta dantza maisu ospetsua den Pierre Aguer Garat Arhanek lagundurik, Jean-Pierrek dantzan aritzen ikasi zuen orduan, eta Txerrero gisa bere lehen maskaradan parte hartu zuen 1970an.  Geroztik, irakasten hasten da bere aldian.

Altzain, maskaradak (1970, 1976, 1991, 1998) eta pastoralak (1973, 1989, 1999) bata bestearen ondotik gertatu ziren.  P. Aguer "Garat Arhane" eta Pierre Bordaçarre Etxahun-Iruri musikariek lagundurik, Aitzindari taldea, bost dantzari hoberenak, alde guzietara gomit da, komunzki dantzari xiberotarrak diren bezala bestalde. Hauen dantza teknikak, xiberotarrak ez diren dantzarien jakinmina pizten du.   

Ibilbide aberats horretan barna, Jean-Pierre Xiberoko errejent emankorrenetarik bilakatu da. 1991etik, hamahiru pastoral taularatu ditu.
Dantza eta dantza praktiken ezagutza sendoa, zehatza eta zorrotza dauka, zabaltzeko eta transmititzeko beti prest dena.

Jean-Pierre Recalten lekukotasunak Altzaira garamatza,  Xiberoko  praktika dantzatuen beste lurralde ezaguna, Barkoxe, Urdiñarbe, Sohüta eta Atharratze diren bezala. Kantu xiberotarra, dantza, maskarada eta pastoralak aipatzen ditu, ezagutu dituen ohiz kanpoko pertsonei erreferentzia eginez.