Pastoral errepresentazioak Hérellek kondaturik

 

1899 urtetik goiti, Georges Hérellek pastoral andana bat ikusi ahal izan ditu. Baionan bizi balin bazen ere, Maule arte treinez joaiten zen, eta Xiberoan barna tram-way-aren bidez kurritzen. Usu, gutun edo telegrama bidez, Léopold Irigaray-ek Hérelle abertitzen zuen pastoral errepresentazio batetaz. Batzutan, gutuna mezperan ardiesten zuen biharamuneko. 1909ko urriaren 16an adibidez, biharumenko pastoralaren berri emaiten duen telegrama ukaiten du, hau da urriaren 17ko pastoralaren berri, Urdiñarbeko neskatilek Maulen jokatu beharra.

Telegrama - Baionako Mediateka, Ms.652

Pastoralaren ikustera joaiten zenean (eta batzutan aro txarrarengatik ez zen hurbiltzen ahal), Hérellek pastoral eguna xehe-xeheki deskribatzen zuen : herrira heltzea, pastoral gunea, jartokiak, eszena, aktore kopurua....

 

"Je pars de Mauléon le lundi matin par le tram-way, avec une multitude de personnes, surtout des jeunes gens et des enfants, des jeunes filles aussi, - plus de 150 peut-être - qui vont comme moi voir la pastorale d'Ossas. La plupart d'entre eux portent un paquet, un panier, un sac où est enfermé leur déjeuné, et plusieurs ont une petite outre pleine de vin. Je remarque parmi cette foule deux prêtres"

Jeanne d'Arc pastorala, Ozazen, 1910ko Martxoaren 28ean, Ms.112_05

 

"Scène carrée, ayant approximativement 10 mètres de côté (mesurés avec ma canne). Devant, petit escalier de dix marches. La scène posée sur des futailles soutenant des solives."

Abraham pastorala, Urdiñarben, 1909ko Maiatzaren 31ean

 

Ikusten zuen guziaz notak hartzen zituen, eta hauek bere artxiboetan sailkatzen. Zorroztasun handiz deskribatu izan ditu eszena gaineko arropak, koloreak, teatro materiala, koregrafia...etb. Hérelle ez zen euskalduna, eta horrek bere pastoralaren ikusmoldea kanbiatu eta zorroztu dio, testoari baino gehiago eszenografiari garrantzi handia eman baitio.

Hérellen marrazkia. Baionako Mediateka - Ms.112_02

 

"La récitation du prologue commence, au milieu de la scène, près du petit escalier. A chaque verset, il se déplace (à droite, au milieu, à gauche, au milieu etc). Il ne fait pas, après la récitation de la strophe, le tour sur lui-même que j'ai vu faire en pareille circostance à Haux et à Tardets. [...] Pendant la récitation de la strophe, le prologueur se tient immobile; mais à la fois il lève les deux bras en l'air."

Santa Elena pastorala, Sohütan, 1908ko Maiatzaren 10ean, Ms.112_03

 

Guti dira 1900 urteetan pastoral errepresentazioak ikusi eta deskribatu dituztenak. Horregatik, Hérellen artxiboak altxor ikaragarriak dira.

Baionako Mediateka Ms.112 Baionako Mediateka Ms.112 Baionako Mediateka Ms.112

 

Herelle-en idatziak kontsultatu :

Artxibo hauetan Herelle-ek zuzenki ikusi dituen agerraldietaz egiten dituen oharpenak aurkitzen dira, batzuetan bildu izan dituen dokumentuen (argazki, karta postala, programak) legenda edota iruzkinak soilik.

Abraham pastorala (Hauze eta Atharratze), 1899, et Jean de Calais (Ligi), 1901. Georges Hérellen oharrak

Abraham pastorala (Hauze eta Atharratze), 1899. Argazkiak, karta postalak, marrazkiak eta Georges Hérellen oharrak

 

Hélène de Constantinople pastorala, Sohüta, 1908

Karta postalak

Georges Hérellen oharrak

 

Üscaldünac Ibañetan pastorala, Atharratze, 1908

Argazkiak, karta postalak eta Georges Hérellen oharrak

Georges Hérellen oharrak eta artikuluak

 

Abraham pastorala, Urdiñarbe, 1909

Argazkiak, karta postalak, marrazkiak eta Georges Hérellen oharrak

Georges Hérellen oharrak

 

Hélène de Constantinople pastorala (Maule - Urdiñarbeko neskak), 1909. Georges Hérellen oharrak

 

Hélène de Constantinople eta Roland pastoralak (Urdiñarbe) - Les quatre fils Aymon pastorala (Mendikota), 1909. Argazkiak, karta postalak, marrazkiak eta Georges Herellen oharrak

 

Jeanne d'Arc pastorala, Ozaze, 1910

Karta postalak eta Georges Hérellen oharrak

Georges Hérellen oharrak

 

Mustapha le grand Turc pastorala, Barkoxe, 1910

 

Napoléon pastorala, Lakarri, 1910. Karta postalak, marrazkiak eta Georges Herellen oharrak

 

Astyage pastorala, Liginaga, 1914

 

Abraham pastorala, Mendikota, 1922

 

Alexandre pastorala, Iruri, 1923

 

 Maider Bedaxagar

Pastoral argazkiak

 

Baionako Euskal museoak linean ezarri argazki zaharrenek Le patriarche Abraham Hauzeko herriak 1899an Atharratzen eman pastorala irudiztatzen dute. Geroztik pastoral emanaldiak XX. mende hastapenetik argazkietan hartu ohi izan dituzte amatur edo ofizioko batzuek, ondotik saltzeko.

 

 

 

George HERELLE

Georges Hérelle (1848-1935) Champagne eskualdekoa zen sortzez, eta Euskal Herrian pastoralez egin zituen ikerlanengatik ezaguna da bereziki. Bizkitartean, ez zekien batere euskararik, franko berant jin baitzen Euskal Herrira. 50 urte hurbil zituela. Baionan hil zen 87 urteetan. Aitzinetik, Blasco Ibañez-en itzultzailea ere izan zen  baita G. D'Annunzio-rena ere. Honekin bereziki adiskidantza harreman hertsiak izan zituen, eta Frantzian ezagutarazi zuen. Homosexualitateari buruz ere ikerketak eta gogoetak egin zituen, baina ez ziren lan haiek hain ezagunak izan, batzuk argitaragaberik gelditu baitziren, eta beste batzuk, izengoiti batekin agertu baitzituen.
Bulletin du Musée Basque aldizkarian (1932koa), Georges Hérellek kontatu zuen nola izan zuen berak Xiberoko pastoralen berri :
1899ko martxoa zen, hiru urte hartan Baionan bizi nintzen, eta ez nuen euskal teatroaz sekula deus ere entzun. Euskal Herria ez zen oraino modan eta nehor ez zen axolatzen han gertatzen zirenez. Behin, Lizeotik ateratzean gaztelerako irakasle zen Leclerc jaunarekin mintzo nintzela, Xiberoko pastoralak aipatu zizkidan. Pastoralak ? Zer ote dira ? galdegin nion ezagutzen ez nuen hitz horrek estonaturik. Xiberoko gazteek herriko plazetan noiz edo noiz jokatzen dituzten antzerkiak dira.
Jakin-mina pizturik, G. Hérellek pastoral baten ikustera joatea deliberatu zuen. Abraham pastorala ikusi zuen, Hauzen, 1899ko apirilaren 16an. Emanaldi horrek liluratu zuen. Guziz xarmaturik itzuli zen handik, ikusgarri haren berezitasunak, eta oroz gain haren arkaismoak, liluraturik eta seduziturik.

Pour en savoir plus sur George Hérelle

 

Raymond edo Erramun TARTACHU

Erramun Tartachu Urdiñarbeko Utigerrenborda etxean sortu zen 1923ko uztailaren 3an.Bi haurride ziren, anaia eta arreba. Urdiñarbeko eskola publikora joan zen 13 urte ukan arte. Gero familiako etxaldeko kabalekin (behi eta ardi) lanean arizan zen baina oroz gainetik Mauleko zapatagintzan langile gisa (Elissabide eta Pataugas marka, Gema kautxuegilea). Erretreta 58 urtetan hartu zuen.

1936tik dantza xiberotarri interesatu  zaio Erramun: urte hartan Urdiñarben eman maskaraden biharramunean, frijat ospetsuak berriz egiten entseatzen hasi zen. Lambarre auzoko Ahetzenborda etxeko Alale Arricau dantza maisua ukan zuen, garai hartan, jakinez  beste dantza maisu ezagunik ere bazela  herrian (André Chilope, Petti Aguerre, Clément Lastère, Pierre Bergeotte). Urdiñarbeko dantzariak maskarada eta pastoraletan ari ziren (maskarada 1949an, 1950an pastorala), baina  herritik kanpo ere, batez ere maskaradako bost dantzari hoberenak (aitzindariak), jende lerroaren buru emanak. Noizbehinka, Barkoxeko zoin Sohütako dantzari zaharrenganik aholkuen biltzera joatea maite zuten.

1960tik landa dantza xiberotarrak irakasten hasi zen Erramun Urdiñarben, baina batzuetan  kanpoan ere (dantzarekiko zaletasuna berriz sortarazi zuen Muskildin, Bunuzen). Dantza maisua gisa hura zuen Urdiñarbeko azken maskarada 1982koa da. Muskildin gidatu zituen pastorala eta maskarada 1985ean eta 1987an hurrenez hurren.

Erramun Tartachuk Jacques Larrondo ontsa ezagutu zuen, hura bezala Urdiñarben 1926an sortua eta dantzaria baitzen, Pauen lanean aritzera herritik 27 urtetan joana zena. Jacques Larrondok 1970ko hamarkadatik landa, dantza xiberotarraren berpizten lagundu zuen, (Xiberoko Zohardiaren sortzea 1972an), Erramun Tartachuren gisako dantzari ohiak gazteen artean irakasle lanetan sar zitezen konbentzitzen saiatuz.

 

 

Jean-Fabien LECHARDOY

Jean-Fabien Lechardoy 1952an sortu zen. Barkoxeko eskolan ibili ondoan, Mauleko Saint-François kolegiora jarraiki zituen ikasketak eta ondotik Oloruen harakin aprendiza bilakatu zen. Familiako harategian bizi guzian ari izan ondoan, gaur erretretan da.

Hogei urterekin dantza urratsak ikasi zituen Alexis Üthürry "Larranda" eta Jean-Pierre Üthürry "Artaguiet" osabengandik eta aitatxirengandik, Alexis Picotchet  txülülariak lagundurik. Bi urte berantago, 1974an,  Etxahun Barkoxe pastoralean parte hartu zuen formakuntza hartarik sortu bost dantzariko  taldeak, eta hola ibili zen zazpi edo zortzi urtez.

Jean-Fabienek hamabost urtez irakatsi zuen dantza. Barkoxeko kultura bizian parte hartzen du maskaraden bidez, ateraldi ezberdinen bidez, pastoralen bidez Etxahun kultura elkartean eta 1998az geroztik errejent gisa.

Bere jakitatea transmitituz, xiberotarrak batzen dituzten kultur usaien jarraikitasunean eta erreberritzean parte hartzen du.

 

 

Jean-Pierre RECALT

Jean-Pierre Recalt 1952ko apirilaren 13an Saint Estèphe (Gironde) herrian sortu zen. Mahastietan lan egiten zuten haren aitamek.

Sei hilabete zituelarik Altzaira sartu zen familia.  Jean-Pierrek bi anaia eta arreba ditu. Altzaiko eskola pribatuan hasi zituen ikasketak. Han berean kurtsoak ematen zituen Errezarret apezak gazteei eskaini dantzaren eta kantuaren lehen  irakaspenetan eragin handia ukan zuen, baita  euskara eta euskal kulturarekiko sentiberatzean ere.

Marcel Errezarret apezari esker, atabal joile eta dantza maisu ospetsua den Pierre Aguer Garat Arhanek lagundurik, Jean-Pierrek dantzan aritzen ikasi zuen orduan, eta Txerrero gisa bere lehen maskaradan parte hartu zuen 1970an.  Geroztik, irakasten hasten da bere aldian.

Altzain, maskaradak (1970, 1976, 1991, 1998) eta pastoralak (1973, 1989, 1999) bata bestearen ondotik gertatu ziren.  P. Aguer "Garat Arhane" eta Pierre Bordaçarre Etxahun-Iruri musikariek lagundurik, Aitzindari taldea, bost dantzari hoberenak, alde guzietara gomit da, komunzki dantzari xiberotarrak diren bezala bestalde. Hauen dantza teknikak, xiberotarrak ez diren dantzarien jakinmina pizten du.   

Ibilbide aberats horretan barna, Jean-Pierre Xiberoko errejent emankorrenetarik bilakatu da. 1991etik, hamahiru pastoral taularatu ditu.
Dantza eta dantza praktiken ezagutza sendoa, zehatza eta zorrotza dauka, zabaltzeko eta transmititzeko beti prest dena.

Jean-Pierre Recalten lekukotasunak Altzaira garamatza,  Xiberoko  praktika dantzatuen beste lurralde ezaguna, Barkoxe, Urdiñarbe, Sohüta eta Atharratze diren bezala. Kantu xiberotarra, dantza, maskarada eta pastoralak aipatzen ditu, ezagutu dituen ohiz kanpoko pertsonei erreferentzia eginez.

Lehengoak eta oraingoak

Lucien Etxezaharreta : "Pastorala, zaharra eta berritua"

Eleketa, ahozko bilketatik lekukotasunak

"Gerezien denbora", 2014ko lehen hiri pastorala

"Katalina de Erauso eta gaurko pastorala(k)" mahai-ingurua

Jean-Louis Davant: "Pastoralaren egiazko aldaketa"

Pastorala, zaharra eta berritua

Pastoralek itxura zaharkitua zutela, ez zen dudarik 1953an Etxahun Irurik urrats nagusia eginarazi ziolarik arte aspaldikoari, Etxahun Barkoxeko koblakariaren bizia agertu zuen obrarekin. Mende erdi bat iragan da berrikuntza sail horrekin eta Sainduen bizi aipamenak, hagiografiak zirenak, edo buruzagi aipatuen biziak, Karlomagno edo Napoleonenak abandonatu ziren herritarrak aipatzeko. Ohargarri da nola nehork ez zuen urrats hori eta gaineratekoak gaitzetsi: neskak sartu ziren jokolari bezala, musikak, oholtza gaineko mugimenduak, jauntziak, horiek guziak urtez urte berritu, edertu ziren, testuak laburtu ere, kantu eta dantzari eta antzerkiari leku gero eta handiagoak emanez. Aitortu behar da Pastoralaren egitura ez zela hainbat aldatu eta idazle kopuru handiagotu batean Junes Casenave Harigile nonbait horren zaindari egon zen.
Azken urte hauetan, Oiherko Ahüzki ondoan pastoralaren karietara, 2006an, inarrosaldi bat gertatu zen. “Egituraren errespetu eskasa” beste obra batzuetan aipatu zen, edo diru gastu handiegiak herriek egiten zituztela edo berdin diru gehiegi sartzen zela milaka ikusliarrekin. Pastorala “opérette” sailera eroriko zenez edo “alde sakratu” zaharra baztertzekotan ginela? Gainera “berritasunaren kurtsa batean” sartuak zirela herriak, baztertuz obra klasiko erreferenteak? Euskara galtzen zela eta itxurakeri batean sartuko zutela? Pastoralak ikusgarriaren ederra eta “salgarritasuna” bilatzen ote du? Zuberoako intelektualek ez ote dute pastoralaren herri eraginkortasunaren izenean dena barkatzen? Galde horiek pizten dira eta, oro har, ikusgarri honen bizi eta iraunkortasuna dute azpimarratzen.

Luxien Etxezaharreta

 Urrunago joateko, ikus artikulua : ETCHEÇAHARRETA Lucien, ETCHECOPAR-ETCHART Hélène, La pastorale souletine mise au défi de se renouveler, Bulletin du Musée basque, 2006, no168, pp. 15-26.

 

ELEKETA ahozko bilketatik lekukotasunak

Eleketa programaz informazio gehiago

  Jean Fabien Lechardoyek pastoralaren irabazi oneko aldea aipatzen du, kermeza bilakatu den agerraldia (apairuak, dirulaguntzak, txartelak, liburuxkak,…). Bere ustean alde ekonomikoa inportanteegia da eta pastoralaren ixtorioa bigarren mailara zokoraturik da.

Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra -  Departamenduko Artxiboen zerbitzua - Marka : 19 AV 1039. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

   

 

Errejentak pastoraletako arizale kopuru handiegia aipatzen du hemen. Pastorala egiazki ari nahi duen jendearekin egiten dela azpimarratzen du, boz ederrenekin, euskara hobekien ematen dutenekin. Pastorala komunzki 70 bat aktoreekin egiten da, baina 70 aktore onekin. Arizaleen hautuan holako zorroztasuna gomendatzen du, pastoralan parte hartzeak ekar lezakeen promozio soziala bazter utzirik.
 
    Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra -  Departamenduko Artxiboen zerbitzua - Marka : 19 AV 1040. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

 

  Jean Fabien Lechardoyk jantzien sortzean dagoen norgehiagokan estetikaren obsesioa salatzen du. Garai bereko gaia jorratzen zuten azken lau pastoraletan herri bakoitzak bere jantzi propioak sortu izan dituela azaltzen du. Zergatik hainbeste diru xahutze?
Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra -  Departamenduko Artxiboen zerbitzua - Marka : 19 AV 1041. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.    

 

  « Pastoralean zer alda zenezake? » galderari arrapostua ematen dio Jean Fabien Lechardoy errejentak. Aktore kopurua ttipituko luke, pastoralaren finantza dimentsioa murriztuz,  historiari behar zukeen lekua berriz eskainiz.
Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra -  Departamenduko Artxiboen zerbitzua - Marka : 19 AV 1043. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.    

Lekukotasun gehiago pastoraletaz

 

2014an, "Gerezien denbora" lehen hiri pastorala emana izan da.

Pastorala arras molde berri honen irudi zenbait

 

 

2016an, mahai inguru bat antolatua izan da Baionako mediatekan, "Katalina de Erauso eta gaurko pastorala(k)" izendatua

Katalina de Erauso Baionan muntatu eta antzeztutako pastorala izanen da 2016ko ekainaren 5an, eta Donostian irailaren 4an. Maite Berrogain eta Pantxika Urruty, obraren autore eta errejentsak, sorkuntza hori aipatuko digute, eta Zuberoako pastoraleen ildotik duen berezitasuna. Aspaldiko antzerki forma honen bilakaera galdezkatuko da, tradizio eta sorkuntza artean. Ez ohizko pastoralak zuzendu dituzten Nicole Lougarot et Ihitz Iriart bilduko dira Luzien Etxezaharretak animatutako mahai-inguru batean. Euskaraz bat-bateko itzulpenarekin. Bilketa programaren baitan, Euskal kultur erakundea eta Katalina Pastorala elkartearekin partaidetzan antolaturik.

Mahai inguruaren grabaketa entzun dezakezu (euskaraz) :

  • 01 - Luzien Etxezaharreta - Sarhitza
  • 02 - Maite Berrogain - Katalina de Erauso
  • 03 - Pantxika Urruty - Katalina de Erauso
  • 04 - Pantxika Urruty eta Maite Berrogain - Katalina de Erauso
  • 05 - Ihitz Iriart - Bibador pastorala
  • 06 - kantariak - Katalina de Erauso
  • 07 - Nicole Lougarot - Ederlezi pastorala
  • 08 - Eztabaida - Errejentearen lanaz
  • 09 - Eztabaida - Pastorala berritu
  • 10 - Eztabaida - Ihitz Iriart - Pastoralaren gaurko erronkak
  • 11 - Eztabaida publikoarekin
  • 12 - Eztabaida publikoarekin
  • 13 - Eztabaida publikoarekin

 

 Jean-Louis Davant : "Pastoralaren egiazko aldaketa"

Jean-Louis Davant, pastorala egileak, 2016ko urriaren 18an Enbata aldizkarian artikulu hau agertu zuen. Autorearen baimenarekin hemen zabaltzen dugu.

Uda honetan, duela bi urtekoan bezala, bi pastoral nagusi ukan ditugu: batetik Atharratzen (eta Otsagabian) Jean Pitrau trajeria, bestetik Baionan (gero Donostian eta Donibane-Garazin) Katalina de Erauso.Ber denboran bi berrikuntza handi: pastorala Xiberotik urrun ere sortzen, eta hori bi emakumeren eskutik.

Lehenbiziko andere pastoral idazlea Itxaro Borda agertu zen 2014an Baionan, « Gerezien denbora” piezarekin. Itxarok bi abantaila bazituen: batetik Zuberoa eta zuberera ezagutzen zituen, usaiako trajeria idazleek bezalaxe; bestetik ez da zuberotarra: beraz ez da traidoretzat ikusirik izan, zuberotar bat izanen zen bezala, eta gisa horrez zuberotar idazleei bidea ireki digu gure probintziatik kanpo ere trajerien eskentzeko.

Bigarren andere pastoral idazlea, hau ere Baionan, Maite Berrogain Ithurbide Baionako xiberotarra, Katalina de Erauso trajeriarekin aurten agertzen zaigu. Haatik duela urte parrasta bat izkiriatua zuen, ene Züberoako literatüraren antologia laburra liburuan 2008.tik aipatu nuen bezala. Xiberotar anitzek ez dakitena, lehenago ere pastoralak sortzen zirela Xiberotik kanpo, Biarno hurbilean, bereziki Barétous ibarrean, eta Baxenabarre hurbilean, bereziki Amikuzen. Bainan oraikoan jauzi handia egin digu Lapurdiko hiribururaino, eta pentsatzeko da beste toki urrun batzuetan ere sor daitekeala.

Harritu behar ote dugu ? Ez dut uste. Xiberoko pastoralak bere lekua atxikiko du ene ustez, antzerkiari junto beste zerbait ekartzen baitu: herri baten edo herri talde baten besta berezia, igande goizean hasten dena, eta zenbaitentzat bederen biharamunean burutzen, goizean ez bada arratsalde apalean.

Zuberoatik kanpo pastorala beste zerbait date: euskaldunen antzerti nagusi bat eta kito. Egia da bulta honetan udako ikuskizun eta kasik gertakizun gorena genuela Iparraldean. Haatik arrakastaren aldetik hala zena sorkuntzara hedatzen ari zaigu. Gisa horrez trajeria zinez bilaka daiteke, Jean Vilar frantses antzerkilari famatuak zioen bezala, “le théâtre national populaire des Basques”, euskaldunen antzerti herritar nazionala. Bestalde artetarik, udaz kanpo agertzen da trajeria sotilago bat, saldo txikian emana, beraz mugikorragoa, hala nola Ederlezi duela urte guti, Mixel Etchecopar ezagunaren eskutik, xiberotar batzuek antzezturik gune desberdinetan, eta iragan udaberri horretan Joxemiel Bidador, Nafarroako piperradan bataiatua, Iruñeko talde batek jokatua bere herrian, eta gero Gotainen agertua.

Zuberoan pastoraleko legeak etengabe aipu dira, zein ote diren zehaztu gabe. Iduri luke bakoitzak badituela bereak, oso bereziak eta xorrotxak. Horrela ulitxak irazten ditugu, kamelua irentsiz. Adar lodiei lot gaitezen, meheei fidatuz arboletik erortzea baikenuke.

Niretzat hona lege nagusia: trajeriari epopeia dagokio, epikoa izan behar du oroz gainetik. Bigarren legea : hiru ateak eta bi koloreak, urdina eta gorria, jantzietan ere agertzekoak. Bi talde kontrajarrien izendatzeko ere balio dute : urdinak eta gorriak ; “kiristiak eta turkak” garai batekoak dira, gaur anakronikoak; “onak eta gaiztoak” moralistegiak ; beraz enetzat margoei eutsitzea da seguruena eta neutroena. Adibidez Abd el-Kader trajeria noizbait antzezten badidate, aljeriar abertzaleek oholtzara ate urdinetik jalgi behar lukete, “guk” ordea bestetik, talde bakoitza doakion koloreko jantzitan eta ez, oraiko modak nahi lukeen bezala, “reconstitution historique” zehatz eta zorrotz baten araberakoan. Hirugarren lege handia, gaur askok ahantzia: bi neurtitzeko bertseta du trajeriak, nahiz gutiz gehienek lau lerrotan idazten duten, neurtitza erditik zatituz.

Eta hortik pasatzen da pastorala, idazlearen idazkitik, urte oroz istorio berri bat kontatuz, historia handiari lotua. “Zer berrikuntza du aurtengo pastoralak ?” Heroi berri baten bizitza berezia begi eta belarrietara dakarrela antzerti zaharraren bitartez, hori du pastoralak urteroko berrikuntza nagusia.