Georges Hérelle, etnologoa

 

Georges Hérelle Pougy-sur-Aube herrian sortu zen, Troyes ondoan, 1848ko agorrilaren 27an. Louis-le-Grand lizeoko ikasle ohia da, eta lizeoetako zeingehiagoka nazionalean saritua izan zen (“Concours général” delakoan). 1896ko eskola sartzean, Georges Hérelle Baionako lizeoan sartzen da, aldi honetan irakasle, filosofiakoa. Berrogeita zortzi urte ditu eta Cherbourg hiritik dator. Alta, irakaskuntzan gustu handirik ez du: 1903an ordaindu gabeko oporraldi bat erdiesten du, eta 1905ean erretreta goiztiarra galdegiten.

Oroz gainetik maite dituenak hizkuntzak dira. Izan ere, idazle handi batzuen itzultzailea da, hala nola Gabriele d’Annunzio (1863-1938) italiar idazlearena eta Blasco Ibañez (1867-1928) balentziar idazlearena. 1897an, Frantses Akademiako Langlois saria erdiesten du Le Vergini delle rocce, Annunzio idazlearen obraren itzulpenarentzat (Calmann-Lévy, 1897)[1].

Georges Hérelle bere bulegoan, 1905 inguruan. Labat-en argazkia. Grand-Troyes Mediateka - Ms3494

 

Hizkuntzei interesatzen zaie bai, baina ez euskarari. Hiru urtez, ez dio euskarari kasu izpirik eginen. Euskara ez da munduko ondasunetan sartzen. Behin, lankide batekin solastatzen da eta gure kulturaren existentziaz ohartzen, berezikiago ahozko kulturaz eta honi lotua zaion ondasun paregabeaz: pastoralak.

1899ko martxoa zen. Hiru urte ziren Baionan bizi nintzela, eta sekulan ez nuen deus entzun euskal antzerkiaz. Euskal Herria ez zen oraino modan, eta nehori ez zitzaion interesgarri han gertatzen zena.

Behin, lizeotik ateratzean, Leclerc jaunarekin, espainoleko irakasle eta adiskidearekin solastatzen hasi nintzen, eta Xiberoko pastoralak aipatu zizkidan.

- Xiberoko pastoralak? Zer dira? galdegin nion izen hori sekulan ez entzunik.

- Herri antzerki bat da, plazetan jokatzen dena. Xiberoko jende gazteak dira ari horretan.

- Interesgarria ditaike.

- Ez. Pastoralen gaiak Bibliako pertsonai zahar batzu dira, ala saindu batzu, haurren dibertitzeko ongi direnak. Arizaleak mutikoak dira, eskolatugabeak, eta jantzi erridikulo batzurekin kantuz ari direnak, aire ezinago sinple batean, eta jestu moldakaitz batzurekin.

- Antzerki ezohiko hortaz erraten didazunak ez dit nehondik ere ikusteko enbeia kentzen. Laster jokatuko ote dute  bat?

- Batere ez dakit. Baina koinata bat badut Xiberoan, Ligin, Goux jauna, eta hark jakinean atxikitzen ahal nau. [2]

 

Hilabete bat berantago, hala non Georges Hérelle Hauzera abiatzen den, Atharratzeko kantonamendura, Abraham pastoralaren ikustera. Apirilaren 16a da, eta egun horretatik haste, pastoralek leku amorratu bat hartuko dute Georges Hérellen bizian.

Guziz xarmaturik itzuli nintzen handik, kasik horditurik emanaldi horren berezitasunaz, eta oroz gainetik bere arkaismoaz. Pastoralen jatorriaz oraino deus ez nekiela, gauza oso zahar bat bazela senditu nuen hor, hurbilagotik ikertzea merexi zuena. Sentimendu hori bizi-bizirik gelditu zait, izan ere, lagunek oso kontrako iritziak partekatzen zituztelarik, pastoralei buruz zerbaiten idazteko xedea aipatu nien. [3]

Hortik goiti, Georges Hérelle iraunkorki  jarraikiko zaie pastoralen ikerketei. Kuriositatez beteriko objektua bazaio ere, metodologia handirekin ikertuko du, analisi literariorako erabiltzen diren irizpideei jarraituz, edota antzerki interpretaziorako eta inkesta etnografikoetarako baliatzen diren arau zientifikoei jarraituz. Hamar bat pastoral ikusi ditu orotara. Aldi guziz, oharrak inkesta-liburutto batean idazten ditu, eta zortzi orrialdetako galdetegi bat prestatzen du, orduko inkesta etnologikoen eredura. [4]

Georges Hérelle pastoralen ikerketetan aitzindari izan da. Hori dela eta, euskal munduko “ikertzaile atrebitu eta oso artatsu”[5] horietarik izan da, eta Euskal Herriari buruzko idazleen familia handian sartzen da. Hauek, euskara mintzatzaile ala ez, interes berezia erakutsi zuten herrialde horretako usantzengan, eta aitzinetik nehork bildu ez zituen usaia-tradizioak seinalatu zituzten, nehor ez baitzen ohartu haien garrantziaz, hain baitziren ohikoak Euskal Herrian. Honelako edo halako jokamolde sozialen biltzearekin batean, euskal identitatearen markoak eraiki zituzten, berantago “kultur adierazpentzat”  definitu zituztenak. Hauen artean, aipa ditzagun nahas-mahas: J.-F. Bladé, J.-A. Buchon, A. Chaho, W. d’Abartiagues, J. Vinson, W. Webster, J.-P. Duvoisin, R. Gallop, H. Gavel, F. Michel, Ch. Bordes, V. Alford, J.-B. Daranatz edo J. Ithurriague, azken hori, Georges Hérellen gisa, belaunaldi baten diferentziarekin, Baionako Lizeoko irakasle izan dena.

Denis Laborde

Itzulpena, Maider Bedaxagar

 

1. Giovanni Gullace, Gabriele D'Annunzio in France: A Study in Cultural Relations, Syracuse University Press, 1966.

2. « Comment l’idée m’est venue d’étudier le théâtre basque », Bulletin du Musée basque, ohiz kanpoko agerraldia Hommage à Bayonne et au Pays Basque, 1932, 321 or.

3. Idem, 323 or.

4. Georges Hérelle, Les Pastorales basques, notice, catalogue des manuscrits et questionnaire, Vitry-le-François, Imprimerie de P. Tavernier, 86or. Berrargitalpena, Nîmes, C. Lacour, 2002.

5. Pierre Lafitte, Les Etudes basques à travers les siècles, Baiona, Euskal Museoko argitalpena, 1932, 9. or.