Eskuizkribu zaharren artatzeaz

 

Gaur gure eskuetan ditugun eskuizkribu zahar gehienak jakintsu zenbaiten (A. d'Abbadie, G. Hérelle, J. Vinson, eta W. Webster, bereziki) zuhurtziari esker begiratuak izan dira. Berrehun bat eskuizkribu bilduak izan dira horrela, G. Hérelleren zenbaketaren arabera: ez da guti, euskal literaturaren ekoizpenen kopuruak iraganean nolakoak izan diren kontuan hartzen badugu bereziki, areago zuberazko literaturaren testuinguruan egonik.

         
Hélène de Constantinople - Baionako Mediateka, Ms13   Roland ou les 12 pairs de France - Funts pribatua, FPPDS_PA05

Dokumentu horien balioaz oharturik eta betiko galtzeko lanjerretan zirela ikusirik, jakintsu horiek eskuizkribuak erosi zituzten liburutegi publiko zenbaitetan uzteko, Baionan, Bordelen eta Pariseko Liburutegi Nazionalean. Bi gerlen artean, Euskal Museoak ere pastoral eskuizkribu bat andana bat bildu zuen, 19. mendeko errejent baten alabatxia zen Campan-Latsague anderearenganik lehenik, eta Malartic anderearenganik geroago. Egun, azken urte hauetako aitzinamendu teknologiko handiei esker, dokumentu horiek numerizatuak izan daitezke, eta orduan nork bere etxetik ikus ditzake, dokumentuak berak batere funditzeko irriskurik izan gabe.

Roland - Bordaleko liburutegia, Ms1695-17

Erran gabe doa, bestalde, Xiberoko etxe zenbaitetan ere pastoral eskuizkribu zahar batzuk badirela oraino. Dokumentuen balioa ezagutzen dutenek behar bezala begiratzen dituzte eskuizkribuak. Haatik, ez dira kontsultagarri orduan, ez aise bederen. Horregatik esperantza izateko da eskuizkribu horien numerizazioari esker, haien kontserbazioa deusetan kaltetu gabe zabalkunde publikoaren sareetan sartzen ahalko direla piskanaka. Hori jadanik gertatu da liburutegi pribatu bateko dokumentuekin: jabeak hauen numerizatzea onartu du, baita hauen interneten ikustea ere.

Alderantziz, jabeek kaier horien balioa ezagutzen ez dutenean, edota eskuizkribua badutela ere ez dakitenean, bada lanjerra dokumentu horiek desager daitezen, hala nola aitzineko hamarkadetan anitz eskuizkriburekin gertatu bide baita. 19. mendean berean jadanik, W. Webster, Xiberoko pastoralen interesa seinalatu zuen ingeles folkloristak, bazioen dozena bat urteren epean, 1864tik 1877ra, bi pastoral bilduma desagertzen ikusi zituela, bata, oso aberatsa, barreiatua izanik, eta bestea, eskuizkribuak ondoretasunaz eskuratu zituen alabak, haien jabea zen errejenta hil eta, errerik. Badakigu halaber, 20. mendeko errejent familia famatuenetarik batek, Heguiaphal familiak, berrogei bat kaier galdu zituela, haien etxea 1898an suak harturik.

Jakintsuek bildu kaieren artean ere galtzeak izan dira. Hala gertatu da adibidez Clovis pastoralaren eskuizkribuarekin: 1839an, Frantziako Liburutegi eta Artxiboetako ikuskari batek, J.A Buchonek, zenbait egun pasatu zituen Xiberoan, karia horretara, Les Trois Martyrs izeneko pastorala ikusi baitzuen Santa Grazin, eta eskuizkribu bat Saffores errejentari erosi Atharratzen: Clovis pastoralaren eskuizkribua, hain zuzen. Buchonek orduan utzi zuen lekukotasunaren arabera 1500ekoa omen zen eskuizkribu hura, eta horregatik erosi zuen. Zorigaitzez laster galdu zen kaier hura eta nehork ez zuen gehiago ikusi. Egia erran, datazio hori, euskal testuei buruzko egungo ezagutzak kontuan harturik, guziz sinesgaitza iruditzen zaigu, eta ez ohi dugu Buchonen errana aintzat hartzen. Ordea, dokumentua galdua izanik ezeztabide materialik ez da gehiago.

B. Oyharçabal

Itzulpena : M. Bedaxagar