Eskuizkriburik eta errepresentazio lekukotasunik zaharrenak

 

Ezagutzen ditugun eskuizkriburik zaharrenak 18. mendekoak dira, eta pastoral errepresentaziorik zaharrena Sainte Elisabeth de Portugal (Euskal Museoan) mende horren erditsutakoa da: Eskiulan jokatua izan zen, 1750eko urtarrilaren 3an, errejentak Jauliber izenarekin izenpetzen du. Ikus  manuskrito bukaerako argibidea:

 Sainte Elisabeth de Portugal manuskritoa. Baionako Euskal Museoa, Ms.14

 

Fait à

Ezkioula le trois janvier 1750

Ceux et celle qui touveron le presant

Seront prié deremettre a moy à jauliber

De la ditte commune il leur sera recompence

< > leur <peine?>

 

Ohar hau dakarren kaiera bi esku desberdinek idatzia izan da. Azpi-oharra ordukoa bada ere, bai eta, halaber, esku horrek idatzi bi orrialdeak ere, ez dakigu hala den beste eskuak idatzi gainerako orrientzat. Gorago erran bezala, errejentek manuskritoak nahi bezala berrerabiltzen zituzten, eta gerta daiteke, beraz, kaier batean urte guziz desberdinetan esku desberdinek idatzi testuak edo orriak izatea. Dena den, argibidean idatzia guziz garbia da eta pentsatzekoa da, beraz, eskuizkribuak 1750ko urtarrilaren 3an izan zen Sainte Elisabeth pastoralaren errepresentazio baten berri ematen digula, urte hartakoa (edo aitzineko urtekoa, errepresentazioa urtarrilaren 3an izan baitzen) delarik halaber data hori agertzen den kaieraren zatia. Beste zatiaz deus segurtamenik ez dugu. Papereko ur markez ez baita oraino ikerketarik argitaratua izan, nekez besterik erran daiteke eskuizkribu honen datazioaz.

Lehenago beste eskuzkribu batzuk zaharragotzat kontsideratu dira. Aipatua dugu gorago Buchonek 1839an Atharratzen erosi zuen Clovis pastoralaren eskuizkribua, 1500. urtearen inguruko datatze guziz susmagarria eman izan zitzaiona, eta galdua izan dena.

Hérelleren lanen ondotik, luzaz errana izan da Jeanne d'Arc-en eskuizkribu bat (Euskal Museoa) zatekeela pastoral eskuizkriburik zaharrena. Alabaina, Hérellek 1723 data irakurria baitzuen paperaren ur marketan, eskuizkribua urte hartarik ez anitzez geroago idatzia izan zela pentsatu zuen. Duela zenbait urte, haatik, ur marken irakurketa eta interpretazioetan aditua den ikertzaile batek erakutsi du egiazki 1793 urtea zela ur marketan ageri zen zenbakia, eta beraz, Jeanne d'Arc pastoralaren eskuizkribu hau ez zegokiola errepresentaziorik zaharrenari.

Saint Jacques pastoralaren eskuizkribu batek ere ele anitz sorrarazi du. Eskuizkribu hau (Frantziako Nazio Liburutegia) 19. mendekoa da, eta kopiagilea ezaguna da: J-P Saffores, hain zuzen hemen gorago aipatu dugun Atharratzeko errejenta, zeini Buchonek Clovisen eskuizkribua erosi baitzion. Bizkitartean, iduri luke eskuizkribu hartan agertzen den errepresentazio data 1634 dela. Horregatik, Hérellek pentsatzu zuen menturaz kasu horretan Safforesek idatzi zuela ez bera errejent izan zen errepresentazioaren eguneko data, baina baliatu zuen beste eskuizkribu batean agertzen zena. Egiteko molde hori ez da ohikoa pastoraletan, eta ez da holako beste kasurik ezagutzen. Dena den, eskuizkribua berriz hurbiletik ikustean, Hérellek (eta beste zenbait ikertzailek ere orduan eta geroztik) egin dataren irakurketa ez da hain segura gelditzen.

  
Saint-Jacques manuskritoa. Frantziako Nazio Liburutegia
   

Beste irakurketa bat egin daiteke non urtearen bigarren zenbakian, ez 6 zifra, baizik ere 8 ikus baitaiteke (orduan urte idatzia 1834 bailitzateke, hots Saffores errejent gisa aritzen garaia). Irakurleak ikus beza urte haren argazkia eskuizkributik beretik hartua. Ondoan, beste argazki batean, erakusten dugu eskuizkribu hartan 8 zifra nola agertzen den, irakurleak konparazioa egin ahal dezan.

Arretaz behatuz urteko bigarren zenbakiari, ageri da zifraren behereko partean marrak gurutze bat bezala egiten duela, gisa horretan iduri bailuke 8 zifrearen behereko biribila puntu-gurutze horretan bildua dela. Irakurketa horretan, bigarren zifra horren idazteko eskuak segitzen duen bidea, ondoko argazkian ageri den 8 zifrarenari darraio.

Gauzak hola izanik, gaur egun ditugun ezagutzen eta gure eskuetara heldu diren eskuizkribuen arabera, erran daiteke 1750ekoa dela antzerki mota horretako lekukotasunik zaharrena, eta Eskiulan emana izan zela.

B. Oyharçabal