Eskuizkribuen itxura

 

Aurkezpena

Pastoral eskuizkribu gehienak kaier edo liburuxka formatuan dira, erditik batera plegatuak eta arruntki josiak diren orriez osatuak. Kaier zaharrenetako papera franko lodia da. Horregatik, kaierak osorik atxikiak izan direnean, orrien bi aldeetan idatziak izanagatik, aski aise irakur daitezke egun ere oraino.

Kopiagileek paper guzia baliatzen ohi zuten, erran nahi baita orrien aitzinaldea eta gibelaldea, bazterretan husgunerik utzi gabe. Gehientsuetan, alde bakoitzean bi bertset zerrenda agertzen dira, bigarren eta laugarren bertso lerroak hoskide dituzten laukoetan idatziak. Gutiagotan, distikotan, hots, bertso haustura erdialdean duten bi bertso lerrotan paratuak dira (bi moldeak erabiltzen dituzten eskuizkribuak badira, arras guti haatik). Aktoreen agertokira jalkitzeak (eta handik erretiratzeak) beti seinalatuak dira, bertseten artean ezarriak diren taula-jokoei buruzko argibideetan (didaskaliak deituak). Bertsetak bat bestearen ondorik idatziak dira, marratxo soil batek elkarretarik bereizten dituela, didaskaliez beste etenik gabe; ez da beraz, aktarik, eta ez gaur bezala markatu jalkialdirik. Bertso lerroek ez zuten neurririk, erran nahi baitu labur (5 silabakoak badira) edo luze (15 silabataraino) izan zitezkeela.

Alexandre ou les quarante martyrs de Sébaste - Baionako Euskal Museoa, Ms9

Formazko arau bakarra, beraz, bigarren eta laugarren bertso lerroetako asonantzia zen. Bertseten neurririk eza ez zen ezaxolakeria zenbaiten ondorioa, baizik eta tradizio zaharrean, pastoralen generoari zegokion zerbait. Bertsetak laukoetan idatzeko moldea, kantatzeko manerari jarraikitzen zitzaion, pastoralen ezaugarria baita beti molde berean kantatuak direla, airea lau zatiz osatu eredu finko bati bati jarraikiz (orotara hiru eredu dira: perediküetakoa, aingeruena, eta pastoralean berean baliatua). Halaber, jokalarien memorizatzeko lanaren errazteko, erranaldien sintaxiak deklamazio molde horren plegua segitzen zuen. Horregatik, pastoraletako testuak puntuaziorik gabe idatziak izanagatik, eta bertsetak beti doinu berean kantatuak izan arren, ez zitzaien handik sortzen jokalariei eta ikusleei gogoan hartzeko eta ulertzeko zailtasun berezirik.

 

Didaskaliak

Batzuetan, Europako idatzi zaharretan aurkitzen zen jokabide bati jarraikiz, didaskaliak gorriz idatziak agertzen dira. Hala gertatzen da gorago aipatu Bassagaixen kaierean, bai eta urrunago aipatzen dugun La destruction de Jérusalem eskuizkribuan ere. Eskuizkribuen kontserbatzeko arta berezirik ez baitzen hartzen, maiz andeatuak dira kaierak. Hosto bazterrak fundituak izan daitezke, eta, ardura, kaier haiek estalgirik ez izanik, hastapeneko edo bukaerako orriak eskas dira. Honek ondorio txarrak ditu: eskuizkribu bat azken orrialdea gabe eskuetara heltzen zaigunean, data zehatzik ezin zaio eman kopiari, ezen azken orrialdean idazten ohi baitziren errejentaren izena eta errepresentazioaren data.

Hemen, bertseten usaiako antolamendua irudikatzen duen Saint Julien pastoralaren orrialde erdi bat erakusten dugu. 1770ko data dakarren Bordeleko Liburutegiko eskuizkribu batetik hartua da.

Saint-Julien eskuizkribua, Bordeleko Liburutegia, Ms.1695_3

  Argazkian ikus dezakegu, gainean ezkerraldean eta azpian eskuinaldean, taula jokoen argibideak agertzen direla bertseten artean.

Didaskalia horietako errateko manerak kodifikatuak bezala dira. Haietan aditzak beti jokatugabeak dira, atzizkirik gabe, oinaren forman emanak direlarik.

Aktoreen sartzeak eta ateratzeak bi aditzen bidez seinalatuak dira: jalki (aktorea agertokira jalgitzen da, erran nahi baita publikoaren aitzinera agertzen dela, gibeletik sartuz, türken edo khiristien atetik) eta erretira (aktorea agertokitik erretiratzen da, jalki zen tauladaren zolako atetik).

Zein pertsonaia mintzatzen den adierazteko, haren izena eta mintza idazten da (batzuetan aditza laburtua da: Ma). Agertokiko aktoreen harat-honatak, paseia eta bara aditzekin seinalatzen dira.

Musikaren aldi denean sonu agertzen da kaierean, edo sona aditza; bataila bat denean, bataila.

Saint Julien-en eskuizkribuaren argazkian, hau irakur dezakegu gaineko aldean: "Julien jalky / Belharica eta minca", erran nahi baita Julien pertsonaia tauladan agertzen dela, belauniko jartzen eta deklamatzen duela. Argazkiaren behereko partean, aldiz, eskuinean, hau agertzen da: "retira / Julus   Justina eta Julien Jalky / Justina minca", erran nahi baita Julus, aitzineko jokaldian agertokian bakarrik zena, ateratzen dela, eta berriz sartzen gero, Julien eta Justina pertsonaiekin, eta Justina mintzatzen dela.

Batailak berriz, istorioak galdetzen duelarik egiten dira, eta koregrafia soil baten arabera irudikatzen. Batailan garaituak direnak zein diren, bataila hitzaren ondotik, türkietarat edo khiristietarat hitzak agertzen dira.

Ikus adibidez, behereko Charlemagne-ren eskuizkributik (Baionako Mediateka) hartu argazkia: bataila türkek galduko dutela seinalatzeko "bataila türkietarat" idatzia da, erran nahi baitu batailaren mugimendua haien alderdian hasiko eta bukatuko dela, türkak galtzaile baitira bataila horretan.

Charlemagne eskuizkribua, Baionako Mediateka, Ms.47

 

Kaier zaharretan agertzen diren didaskaliek agertokiaren aitzineko eremua ere antzezleku gisa balia zitekeela erakusten dute. Espazio hori libro zen ez baitzen jartokirik ematen hor lehenago. Pertsonaiak zaldiz heltzen zirelarik bereziki erabiltzen zen, errege bat bataila batean parte hartzera etortzen zelarik edo setiatze baten irudikatzeko.

 

 
 
So egin diezaiogun ondoko argazkiari (Baionako Mediatekan atxikia den La destruction de Jérusalem eskueskributik hartua):

Lehen argibideak adierazten du errege bat bere armadarekin agertokian hasia den bataila batean parte hartzeko zaldiz etorri behar dela: "ordian eman bataillabat / handiric eta berdemboran / Volages Erregue heltzenda / triate aitcinila eta oro camariz / Bestic bara. Minça Volages". Beraz, Volages erregea bere lagunekin antzokiaren aitzineko aldera zaldiz jiten da eta tauladaren beheretik mintzatzen da zaldiaren gainean dagoela.

Ondotik, bigarren argibideak, Volages erregeak batailan parte hartuko duela dio, eta horretarako zalditik jautsi ondoan taula gainera iganen dela, Vespasien bere lagunaren ondoan gudukatzeko: "ordin eraix camariti orain / eta sar tiatrin eta jar / Vespasienen herr[o]can / eta minc[a] Volages". Azpimarra dezagun argibidean sar aditza enplegatua dela (ez jalki), eskuizkribuetan horrek adierazten baitu erregea aitzinaldean diren eskailera ttipietarik igaten dela tauladara.

 

La Destruction de Jerusalem

Lehen eta azken pheredikiak

Dakigun bezala, pastoralen errepresentazioak taula joko berezi batekin hasten dira aktore batek pastoralaren gaia eta trama kantuz azaltzen dituelarik. Molde simetrikoan halako beste jokaldi batekin bururatzen dira. Eskuizkribuetan, pasarte horiek premier prologue eta dernier prologue (batzuetan conclusion) deitzen dira frantsesez, eta lehen pheredikia (edo entrada) eta azken pheredikia (batzuetan konklusionia) euskaraz.

Tradizio zaharrean, aitzinsolas eta gibelsolas horiek ez dira pastoralaren parte, eta eskuizkribuetan horrela agertzen dira, kaieraren azken orrialdeetan bilduak direlarik, bertset zenbaketa berezi batekin.

Hala gertatzen da Baionako Mediatekan den Saint Louis-en eskuizkribuan (Saffores-en kaiera da hau), non pastoralaren beraren bururapenean emana den fin hitzaren ondotik agertzen baitira lehen eta azken predikuak.

Saint-Louis eskuizkribua, Baionako Mediateka Ms.50

 

Pertsonaiak

Eskuizkribu anitzetan, pertsonaien zerrenda bat agertzen da, bai eta bakoitzari dagokion bertset kopurua ere. Batzuetan, konpainia edo herroken arabera zerrendatuak dira, erran nahi baitu jokalariek tauladara denak batean agertu behar duten multzoen zerrendatzearekin batean.

Holako zerrendatzea ikus daiteke Clovis pastoralaren ondoko argazkian (janvier 1770- [Abense?]-de-Bas), non hogeita bi rol kondatzen baitira, aingeruak zenbatu gabe. Ohar zerrendatze horietan kontuan hartzen direla pertsonaia bat baino gehiagori dagozkien aktore lanak, ezen zerrendaren aitzinean emana den erranaldiak dio konpainiak zerrendatzean bi enplegu dituzten rolak seinalatuak direla ("Les Compagnies ou il Seront aussy marqués les doubles emplois sont cy Bas només Et joint avec leurs autres partie").

Clovis eskuizkribua, Bordeleko Liburutegia, Ms.1695_3

B. Oyharçabal

Itzulpena: M. Bedaxagar