Testuaren autorea: Jean-Louis Davant, 2013
Euskal pastorala, Xiberoko antzerki herritarra da. Xiberoa Euskal Herriko ipar-ekialdean kokatua, zazpi probientzietarik txikiena da. Ühaitz haranarekin kasik bat dator, nagusiki Maule eta Atharratzeko kantonamenduetan ohatuz.
Izatez, pastorala gehien bat Xiberokoa da, nahiz Biarno hurbilera ere hedatzen den (Barétous ibarrera eta Aramitzeko kantonamendura), bai eta Baxenabarrera ere (Larzabale eta Donapauleko kantonamenduetara). « Trajeria » ere deitzen da, eta horrek frantsesezko « tragédie » delakoari pentsarazten du. Halere, pastorala ez da greziar edo frantses tragedia bezain iluna, tragikomediatik hurbilago da, Corneilleren Le Cid bezala, bukaera irus ala gutienez baikor batekin, baita tarteka soegileentzat pausagarri diren jelkaldi irringarri batzuekin. Orokorki pastorala genero epikoari dagokio, ezaugarri nagusia abentura baten kontatzea baitu. Gizon ala emazte heroi baten biziaren kontatzeko xedea du, izan dadin profeta, saindu, subirano, politika buru, ala beste edozoin pertsonaia historiko.
Kanpoan jokatzen den antzerki bat da, pilota plaza batean, edo pentze batean. Oholtza gisa, taulada bat muntatzen da xibalet batzuen gainean. Gaineko aldean, musikarien egongia bat badu, mihise xuriz apaindurik. Honen beherean hiru ate daude : eskuinetik, gorte aldera, ate gorri bat infernuko suaren sinbolo, eta ezkerrera, baratze aldera, ate urdin bat zeru kolorean. Erdian bi mihise xuri hedatuak dira. Kolore xuria garbitasunaren sinboloa da. Bekatu sexualen kondenatzaile dela pentsa badaiteke ere, zabalkiago leialtasuna, zintzotasuna, fideltasuna eta ohorea irudikatzen ditu.
Oihalezko hesi horretarik, hiru indar desberdin jalgitzen dira. Ate urdinetik "kiristiak", erran nahi baita onak, ate gorritik berriz "türkak" eta "satan" dantzariak, erran nahi baita gaiztoak, baina ederrenak ere, beraz denek amesten dute haietan aritzea. Erditik, pertsonaia zerutiarrak ateratzen dira : aingeruak, elizgizonak gudukan ez direlarik, batzutan artzainak beren artaldearekin, eta oro har ona irudikatzen duten beste pertsonaia batzu... Jainkoa ez da sekulan agertzen. Aldiz Nazareteko Jesus gizona ager daiteke, baina hori oso arraroa da.
Bistan dena, "kiristi" eta "türk" izendapenek, gogora ekartzen dute Otomanek Europa giristinoa mehatxatzen zuteneko garaia. Orain talde bakoitza bere koloretik deitzeko usaia sartzen ari da : "gorriak" eta "blüiak". Pastoraleko testua euskaraz idatzia da, hain zuzen ere zubereraz.
Monzon pastorala, 2011, Larraine
Ofiziokorik gabeko antzerkia da. Urte guziez, herri bateko bizitzaileak edo herri multxo batekoak biltzen ditu. Kasik familia guziek parte hartzen dute. Partaideak asteburu guziez trebatzen dira, zazpi edo zortzi hilabetez, "errejent" bat edo gehiagoren inguruan. Jende arrunta da, nor bere plazerez ari dena, edo herriaren ohoretan : batak oholtza gainean, besteak joskintzan, ostatuan, auto baztertze antolaketan... etb. Antzezpen bat izateaz gain, herriko besta handi bat da, igande goizean goizik hasten dena mezarekin. Xiberoan berritan ematen da, baina beste norabait ere gomituz joaten ahal da, bereziki pastoraleko heroia ez bada xiberotarra : René Cassin trajeria Baionara etorri zen bezala, adibidez.
Autorea: Jean-Louis Davant
Itzultzailea: Maider Bedaxagar