Pastorala, zaharra eta berritua

Testuaren autorea: Lucien Etxezaharreta, 2013

Pastoralek itxura zaharkitua zutela, ez zen dudarik 1953an Etxahun Irurik urrats nagusia eginarazi ziolarik arte aspaldikoari, Etxahun Barkoxeko koblakariaren bizia agertu zuen obrarekin. Mende erdi bat iragan da berrikuntza sail horrekin eta Sainduen bizi aipamenak, hagiografiak zirenak, edo buruzagi aipatuen biziak, Karlomagno edo Napoleonenak abandonatu ziren herritarrak aipatzeko. Ohargarri da nola nehork ez zuen urrats hori eta gaineratekoak gaitzetsi: neskak sartu ziren jokolari bezala, musikak, oholtza gaineko mugimenduak, jauntziak, horiek guziak urtez urte berritu, edertu ziren, testuak laburtu ere, kantu eta dantzari eta antzerkiari leku gero eta handiagoak emanez. Aitortu behar da Pastoralaren egitura ez zela hainbat aldatu eta idazle kopuru handiagotu batean Junes Casenave Harigile nonbait horren zaindari egon zen.

Azken urte hauetan, Oiherko Ahüzki ondoan pastoralaren karietara, 2006an, inarrosaldi bat gertatu zen. "Egituraren errespetu eskasa" beste obra batzuetan aipatu zen, edo diru gastu handiegiak herriek egiten zituztela edo berdin diru gehiegi sartzen zela milaka ikusliarrekin. Pastorala "opérette" sailera eroriko zenez edo "alde sakratu" zaharra baztertzekotan ginela? Gainera "berritasunaren kurtsa batean" sartuak zirela herriak, baztertuz obra klasiko erreferenteak? Euskara galtzen zela eta itxurakeri batean sartuko zutela? Pastoralak ikusgarriaren ederra eta "salgarritasuna" bilatzen ote du? Zuberoako intelektualek ez ote dute pastoralaren herri eraginkortasunaren izenean dena barkatzen? Galde horiek pizten dira eta, oro har, ikusgarri honen bizi eta iraunkortasuna dute azpimarratzen.

Auteur :Luzien Etxezaharreta

Urrunago joateko, ikus artikulua: ETCHEÇAHARRETA Lucien, ETCHECOPAR-ETCHART Hélène, La pastorale souletine mise au défi de se renouveler, Bulletin du Musée basque, 2006, no168, pp. 15-26.

Eleketa ahozko bilketatik lekukotasunak

Eleketa programako bideo zatiak

Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra – Departamenduko Artxiboen zerbitzua – Marka : 19 AV 1039. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

Jean Fabien Lechardoyek pastoralaren irabazi oneko aldea aipatzen du, kermeza bilakatu den agerraldia (apairuak, dirulaguntzak, txartelak, liburuxkak,…). Bere ustean alde ekonomikoa inportanteegia da eta pastoralaren ixtorioa bigarren mailara zokoraturik da.

Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra – Departamenduko Artxiboen zerbitzua – Marka : 19 AV 1040. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

Errejentak pastoraletako arizale kopuru handiegia aipatzen du hemen. Pastorala egiazki ari nahi duen jendearekin egiten dela azpimarratzen du, boz ederrenekin, euskara hobekien ematen dutenekin. Pastorala komunzki 70 bat aktoreekin egiten da, baina 70 aktore onekin. Arizaleen hautuan holako zorroztasuna gomendatzen du, pastoralan parte hartzeak ekar lezakeen promozio soziala bazter utzirik

Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra – Departamenduko Artxiboen zerbitzua – Marka : 19 AV 1041. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

Jean Fabien Lechardoyk jantzien sortzean dagoen norgehiagokan estetikaren obsesioa salatzen du. Garai bereko gaia jorratzen zuten azken lau pastoraletan herri bakoitzak bere jantzi propioak sortu izan dituela azaltzen du. Zergatik hainbeste diru xahutze?

Pirinio-Atlantikoetako Konseilu orokorra – Departamenduko Artxiboen zerbitzua – Marka : 19 AV 1043. Zati hauen lekukotasun osoak Baionako eta Paueko Departamendu Artxibotegietako irakurgeletan kontsultagarri dira.

« Pastoralean zer alda zenezake? » galderari arrapostua ematen dio Jean Fabien Lechardoy errejentak. Aktore kopurua ttipituko luke, pastoralaren finantza dimentsioa murriztuz, historiari behar zukeen lekua berriz eskainiz.

Lekukotasun gehiago pastoraletaz

2014an, "Gerezien denbora" lehen hiri pastorala emana izan da.

Gerezien denbora pastoralaren errepika irudiak, 2013

Pastorala arras molde berri honen irudi zenbait

2016an, mahai inguru bat antolatua izan da Baionako mediatekan, "Katalina de Erauso eta gaurko pastorala(k)" izendatua

Mintzaldiko audio zatiak, 2016

Katalina de Erauso Baionan muntatu eta antzeztutako pastorala izanen da 2016ko ekainaren 5an, eta Donostian irailaren 4an. Maite Berrogain eta Pantxika Urruty, obraren autore eta errejentsak, sorkuntza hori aipatuko digute, eta Zuberoako pastoraleen ildotik duen berezitasuna. Aspaldiko antzerki forma honen bilakaera galdezkatuko da, tradizio eta sorkuntza artean. Ez ohizko pastoralak zuzendu dituzten Nicole Lougarot et Ihitz Iriart bilduko dira Luzien Etxezaharretak animatutako mahai-inguru batean. Euskaraz bat-bateko itzulpenarekin. Bilketa programaren baitan, Euskal kultur erakundea eta Katalina Pastorala elkartearekin partaidetzan antolaturik.

Mahai inguruaren grabaketa entzun dezakezu (euskaraz) :

2016ko apirilaren 14ko mintzaldiko afixa
2016ko apirilaren 14ko mintzaldiko afixa
01 - Luzien Etxezaharreta - Sarhitza
02 - Maite Berrogain - Katalina de Erauso
03 - Pantxika Urruty - Katalina de Erauso
04 - Pantxika Urruty eta Maite Berrogain - Katalina de Erauso
05 - Ihitz Iriart - Bibador pastorala
06 - Kantariak - Katalina de Erauso
07 - Nicole Lougarot - Ederlezi pastorala
08 - Eztabaida - Errejentearen lanaz
09 - Eztabaida - Pastorala berritu?
10 - Eztabaida - Ihitz Iriart - Pastoralaren gaurko erronkak
11 - Eztabaida publikoarekin
12 - Eztabaida publikoarekin
13 - Eztabaida publikoarekin

Jean-Louis Davant : "Pastoralaren egiazko aldaketa"

Jean-Louis Davant-ek idatzitako testua, Enbata aldizkariarentzat, 2016

Jean-Louis Davant, pastorala egileak, 2016ko urriaren 18an Enbata aldizkarian artikulu hau agertu zuen. Autorearen baimenarekin hemen zabaltzen dugu..

"Haren ekoizpena Zuberotik urrun hedatuz, pastorala benetan euskaldunen herri-antzerki nazionala bihurtzen da"

Uda honetan, duela bi urtekoan bezala, bi pastoral nagusi ukan ditugu: batetik Atharratzen (eta Otsagabian) Jean Pitrau trajeria, bestetik Baionan (gero Donostian eta Donibane-Garazin) Katalina de Erauso. Ber denboran bi berrikuntza handi: pastorala Xiberotik urrun ere sortzen, eta hori bi emakumeren eskutik.

Lehenbiziko andere pastoral idazlea Itxaro Borda agertu zen 2014an Baionan, Gerezien denbora piezarekin. Itxarok bi abantaila bazituen: batetik Zuberoa eta zuberera ezagutzen zituen, usaiako trajeria idazleek bezalaxe; bestetik ez da zuberotarra: beraz ez da traidoretzat ikusirik izan, zuberotar bat izanen zen bezala, eta gisa horrez zuberotar idazleei bidea ireki digu gure probintziatik kanpo ere trajerien eskentzeko.

Bigarren andere pastoral idazlea, hau ere Baionan, Maite Berrogain Ithurbide Baionako xiberotarra, Katalina de Erauso trajeriarekin aurten agertzen zaigu. Haatik duela urte parrasta bat izkiriatua zuen, ene Züberoako literatüraren antologia laburra liburuan 2008.tik aipatu nuen bezala. Xiberotar anitzek ez dakitena, lehenago ere pastoralak sortzen zirela Xiberotik kanpo, Biarno hurbilean, bereziki Barétous ibarrean, eta Baxenabarre hurbilean, bereziki Amikuzen. Bainan oraikoan jauzi handia egin digu Lapurdiko hiribururaino, eta pentsatzeko da beste toki urrun batzuetan ere sor daitekeala.

Harritu behar ote dugu ? Ez dut uste. Xiberoko pastoralak bere lekua atxikiko du ene ustez, antzerkiari junto beste zerbait ekartzen baitu: herri baten edo herri talde baten besta berezia, igande goizean hasten dena, eta zenbaitentzat bederen biharamunean burutzen, goizean ez bada arratsalde apalean.

Zuberoatik kanpo pastorala beste zerbait date: euskaldunen antzerti nagusi bat eta kito. Egia da bulta honetan udako ikuskizun eta kasik gertakizun gorena genuela Iparraldean. Haatik arrakastaren aldetik hala zena sorkuntzara hedatzen ari zaigu. Gisa horrez trajeria zinez bilaka daiteke, Jean Vilar frantses antzerkilari famatuak zioen bezala, "le théâtre national populaire des Basques", euskaldunen antzerti herritar nazionala.

Bestalde artetarik, udaz kanpo agertzen da trajeria sotilago bat, saldo txikian emana, beraz mugikorragoa, hala nola Ederlezi duela urte guti, Mixel Etchecopar ezagunaren eskutik, xiberotar batzuek antzezturik gune desberdinetan, eta iragan udaberri horretan Joxemiel Bidador, Nafarroako piperradan bataiatua, Iruñeko talde batek jokatua bere herrian, eta gero Gotainen agertua.

Zuberoan pastoraleko legeak etengabe aipu dira, zein ote diren zehaztu gabe. Iduri luke bakoitzak badituela bereak, oso bereziak eta xorrotxak. Horrela ulitxak irazten ditugu, kamelua irentsiz. Adar lodiei lot gaitezen, meheei fidatuz arboletik erortzea baikenuke.

Niretzat hona lege nagusia: trajeriari epopeia dagokio, epikoa izan behar du oroz gainetik.

Bigarren legea : hiru ateak eta bi koloreak, urdina eta gorria, jantzietan ere agertzekoak. Bi talde kontrajarrien izendatzeko ere balio dute : urdinak eta gorriak ; "kiristiak eta turkak" garai batekoak dira, gaur anakronikoak; "onak eta gaiztoak" moralistegiak ; beraz enetzat margoei eutsitzea da seguruena eta neutroena. Adibidez Abd el-Kader trajeria noizbait antzezten badidate, aljeriar abertzaleek oholtzara ate urdinetik jalgi behar lukete, "guk" ordea bestetik, talde bakoitza doakion koloreko jantzitan eta ez, oraiko modak nahi lukeen bezala, "reconstitution historique" zehatz eta zorrotz baten araberakoan.

Hirugarren lege handia, gaur askok ahantzia: bi neurtitzeko bertseta du trajeriak, nahiz gutiz gehienek lau lerrotan idazten duten, neurtitza erditik zatituz.

Eta hortik pasatzen da pastorala, idazlearen idazkitik, urte oroz istorio berri bat kontatuz, historia handiari lotua. "Zer berrikuntza du aurtengo pastoralak ?" Heroi berri baten bizitza berezia begi eta belarrietara dakarrela antzerti zaharraren bitartez, hori du pastoralak urteroko berrikuntza nagusia.

Autorea: Jean-Louis Davant

Itzultzailea: Maider Bedaxagar

Nabigazioa segitu

<< Aurreko artikulua

Etorkiak eta bilakaera