Jokatua den antzerkia

 

Pastoraleko testua euskaraz idatzia da, hain zuzen ere  zubereraz. Jokalariak tauladan hara-honakatzen dira, erregela zehatz batzuei jarraituz, urratsak makilaz markatuz, erritmoan, eta testua aire gregoriano batean salmodiatuz. Pastorala bertsetez egina da, bertset bakoitza bi neurtitzez osatua delarik. Neurtitz bakoitzak hamalautik hemezortzi arteko silaba kopurua kontatzen du, hots batazbeste hamasei oin, erdian eten batekin. Liburuxkan, maizenik bertseta  lau lerrotan idazten da, lauko bertso baten gisa. Halere ez da egiazko laukoa, bikoa da, distikoa.

Saint Roch pastorala. Baionako Mediateka, Ms12

 

Orotara, antzerkiak 220tik 250 arteko bertset kopurua kontatzen du, kantuetako bertsoak barne. Hauek beste gisaz idatziak dira, frantses alexandrinoen baliokideak diren hamahiru oineko neurtitzetan, eten batekin zazpigarren oinean. Testua  hiru ordutan jokatzeko pentsatua da.

Bi edo hiru jelkaldi guziez, kantu bat kantatzen da, bertset deklamatuen monotoniaren hausteko. Kantuak bakarka, binaka edo taldean kantatzen dira. Beste bi elementuk artekatzen dituzte jelkaldiak : alde batetik gorrien eta urdinen arteko gudukek, eta bestetik xiberotar dantza herritarrek. Hauetan, Satanek eta haien ele pipertsuek publikoa loriatzen dute, gorrien alderdia sustengatuz. 1990an Abadia Ürrüstoi trajerian, berrikuntza bat sartu zen : "türk     andereak". Hauek manera erne eta bizi batean hara-honakatzen dira tauladan, helburua dutelarik goxoak ez diren egia batzuen erratea gordinki. Ahozko horretan, Satanen lekua hartzen dute, publikoak Satanen solasak baino maiteago baititu haien frisatak. Rola berri hau dela medio, emazteek parte gehiago hartzen ahal dute pastoraletan. Izan ere, emazteak gizonak baino kopuru handiagoan ageri dira orain euskal antzerti horretan.

 

  Liburuxkari esker, ikusliarrak antzerkia segitzen ahal du, bereziki euskaldun ez denak. Hamarka urtez, libreta hiru hizkuntzatakoa izan da : euskara, frantsesa eta espainola. Orai,  liburuxkak bi hizkuntzatan egiten dira, euskaraz eta frantsesez. Izan ere, Hegoaldeko jendea, lehen baino gutiago heldu dena, osoki euskalduna da, eta ez da Xiberora heldu espainolez irakurtzera. Azkenik, itzulpenari doakionez, bertset guziaren itzultzeko partez, bertsetaren laburpen bat proposatzen da : horrela, euskaldun ez denak pastorala goza dezake irakurketan denbora gehiegi galdu gabe.  
Robert le Diable pastorala. Baionako Mediateka
      Uskaldunak ibañetan pastorala. Funts pribatu

 

José Mendiague pastorala, Arrokiaga, 2012

 

Antzerki oso bat da,  kopla kantatuak, bakarkako kantuak, taldekoak, prozesiotik bildu ibilaldi liturgikoak, jestu erritual batzu, xiberotar dantza herritarrak, ala kanpoko dantza batzu uztartzen dituena...

Pastorala ez da antzerki errealista,  antzerki burgesa bezala adibidez. Ez du errealitatea zuzenka isladatzen, baina bai bere manera berezian irudikatzen. Gisa horretan, antzerki sinbolista dela erran dezakegu, ez bada surrealista. Izan ere, ingurumen miresgarri, zoragarri eta magiko batean kokatzen den antzerkia da.

Axaletik begiratuz, pastoralak opereta emanaldi bati pentsaraz dezake, baina alderdi arin hori ez doakio batere, trajeriak alde epiko eta tragiko bat baitu : antzerki noble bat da, larritasun kutsu batekin, eta horrek komedia musikaletik garbiki bereixten du. Euskal opera bat dela erratea xuxenago litzateke.

J.L. Davant

Itzulpena: M. Bedaxagar