Eskuizkribuek zer erakusten diguten

 

Pastoral eskuizkribu zaharrak, erran nahi baitu 20. mendea baino lehenagokoak, balio handiko ondasunak dira. Bi gisatara: alde batetik, hizkuntzari dagokionean, xiberotar euskalkiaren korpus guziz aberatsa eskaintzen baitute; eta beste aldetik, literaturari doakionean ere, Xiberoan egun ere oraino bizi-bizirik dagoen euskarazko herri teatro baten iraganaren berri ematen baitigute.

Eskuizkribu hauek, 19. mendearen hondar parteko jakintsu batzuei esker salbatu ziren. Hauek indar berezi bat egin izan ez balute orduan haien begiratzeko, gauza guti genekike pastoralen lehenagoko errepertorioaz eta teatro horren iraganaz, dokumentu haiek baititugu informazio iturri nagusiak, eta zaharrenak.

Alabaina, lehenbiziko eskuizkribuak 18. mendearen erditsukoak dira, eta errepresentazioez eginikako lehen deskripzioak 19. mendekoak. Antzerki honi buruzko ezagutzak 20. mendearen hatsarrean, aitzinatu eta finkatu ziren, Georges Hérelle, bere irakaskuntzako ibilbidearen bururatzeko Baionara etorria zen filosofia irakasleari esker oroz gainetik.


Emanaldi aipamenak

Kaier deitzen ohi diren pastoral eskuizkribuei esker, herri teatro honen funtsezko izaera ezagutzen ahal dugu. Gure eskuetara osorik heldu izan direnean, hondarrean agertzen ohi duten argibide berezi baten bidez, jakin daiteke pastorala zer egunetan eta, usu, zein herritan ere egina (jokatua, hots) izan zen, bai eta kopista-errejenta ere nor izan zen. Gehienetan frantsesez ̶  ahal bezalako frantses batean ardurenik ̶ idatzia zen informazio hori.

Ondoko argazkian ikus daiteke Euskal Museoan den Jean de Paris pastoralaren eskuizkributik hartua den holako argibide bat. Honela dio: "A Larrau le 25 juin 1760, yl a esté joué la presante pastouralle, fait la presante coppie par moy, Pierre d'Arhex, cordonier".

 
Jean de Paris eskuizkribua, Baionako Euskal Museoa Ms.19    

Paratestu horiei esker, hiruretan hogei bat errejent identifikatu ahal izan dira. Batzuetan, beren ofizioa agertzen zuten, Arhexen argibidean ikus daitekeen bezala. Horrela ohar gaitezke errejentak jende xumeak zirela. Ematen zaien errejent izenak besterik erakustera eman badezake ere, guti dira (hiru kasu, ezagutuak direnak), ofizioz eskoletako errejent gisa agertzen direnak.

Zenbaitetan, herri literaturako ohiduretan ongi ezaguna den usantza bati jarraikiz, erranaldi berezi bat gaineratzen zuten kopian, sekulan kaiera galtzen bazen, jabeari gibelera emateko manera bat izan zezan aurkitzaileak. Hau frantsesez izaten zen eta umoretsuki idatzia, kopiagileak bere buruaz mutiko on eta prestua zela erranez.

Ikus, adibidez, JP. Saffores 19. mendeko errejentak Astyage-ren pastoralaren eskuizkribuan nola zioen:

Astyage eskuizkribua, Baionako Mediateka, Ms.15

"[Si] Ce Cayer vient a perdre / le quelqu'un trouver; jl aura

la bonte de rendre au Sieur / J Pre Saffores cordonnier de tardets

qui est un brave homme reconnu / par tout son pays et un homme

comme il faut pour manger / quelque tranche de jambon et

les eufs frigit dans la poile / pendant tout le temps de l'année

a la place de chardines ".

 

Errejenta

Eskuizkribuek erakustera ematen dute tradizio horretan autore noziorik ez zela, hitz horrek gaur guretzat duen eduki betearekin bederen: errejentak baziren, testuen ekarle zirenak, hain zuzen hauen eginkizun nagusietarik bat baitzen testuen ekartzea. Horretarako, erosiak edo ondoretasunez eskuratu zituzten beste kopia batzuk baliatzen zituzten edo testuak berek moldatzen, frantsesezko herri literaturako zenbait istoriotan oinarrituz (G. Hérelleren ikerketen arabera, gaztelerazko testuak ere baliatuak izan ziren zenbait kasutan).

19. mendean, egin-molde horri jarraikiz, historia garaikideko edo hurbileko gaiak zituzten pastoralak ere egin ziren; adibidez, pastoral bat baino gehiago izan zen Napoleon enperadorea sujet izan zuenik. Naski, euskaratzaile eta teatrorako egokitzaile zirenean, autore ziren kopiagile horiek gure begietan, baina tradizio horretan ez baitzen halako noziorik, kaier baten jabea haizu zen kopia haren nahi bezala erabiltzera. Horregatik, pastoral zaharren kaierei kanpotik behatuz, gehienetan, ezin jakin daiteke molde segurean ea testua beste pastoral testu baten kopia guti edo gehiago aldatua, ala errejentak berak euskaraz pastoral gisa moldatua duen.

1760an Larrainen jokatu den pastoralaren eskuizkribuan (ikus goragoko argazkia), Arhex errejentak errepresentazioaren lekua eta data zehazten ditu, bai eta kopiagilea hura bera izan dela adierazten ere. Gauzak ez dira beti hain argi: kaier osorik atxikietan, data bat agertzen ohi da, errepresentazioari dagokiona, eta izen bat ere usu, honen bidez, errejent kopiagileak adierazten baitu testua kopiatua (copié), sortua (composé), edo itzulia (traduit), duela, edo, besterik gabe, kaieraren jabea dela.

Ez da aditz horien adiera zehatzean baitezpada hertsiki gelditu behar, zeren ardurenik pertsona bera baita (gizon bat beti, emazte pastoraletan ere bai) data hartan egin zen errepresentazioko errejenta, kopiaren egilea, eta jabea. 

Charlemagne eskuizkribua, Baionako Mediateka, 1854. Ms.47

JP Saffores-ek, Baionako Mediatekako Charlemagne pastoralaren eskuizkribuaren bukaeran idazten duelarik: "La piece appartient à Jn Pre Saffores ainé de Tardets, le 13 avril 1854", jabea dela dio, besterik gabe. Haren idazkera ongi ezagun baita, badakigu halere, kopiaren egilea ere izan zela (eta seguraz ere urte hartan erranikako egunean egin zen errepresentazioko errejenta ere); ezin jakin daiteke, haatik, zein heinetara testuaren sortzailea ere izan zen. Pastoral hari dagokion beste eskuizkribu batekin konparatuz, ordea, ohar gaitezke kopiagilea baizik ez zela izan. Alabaina, testu bera agertzen zaigu manuskrito zaharrago batean, beste esku batek idatzia, eta 1835an Eskiulan eman errepresentazio bati doakiona (Frantziako Nazio Liburutegiko eskuizkribua).

Azken dokumentu honen kopiagileak argibide hau idatzi zuen: "Cete piece jl est composse par Bassagaix de Esquiule le 22 maye 1835, sa sera le Dernie piéce, je traduit 20 pieces". Nahiz eta composer aditza erabilia den argibide horretan, uste izateko da agertzen den data errepresentazioari dagokiola, eta Bassagaixek testua kopiatu zuela, ez euskaraz sortu. Ezen, bi eskuizkribuei hurbiletik begiratzen zaizkienean, argi da bi kopiak, zuzenean edo zeiharka, beste iturri batetik, edo batzuetarik (Bassagaixen kaierak Saint Jacques-en pastoralari dagokion joko bat ere badu), heldu direla. Ohar bedi, bestalde, pastoralgileak traduire aditza erabiltzen badu ere (hogei pastoral itzuli ditut, dio frantsesez), ez bide dela haren errana hertsikiegi interpretatu behar, frantsesezko hogei bat testu euskararatu eta pastoral gisaratu zituela pentsatuz. Hogei bat pastoralen errejenta izan zela erran nahi zukeen, ez denak hain segur erdarazko istorio batetik berak egokituak eta euskaraz sortuak, Charlemagne-ren pastoralaren eskuizkribuak erakusten duen bezala.

Autore noziorik ez denaz gero, literatura testuen ikerketetan maiz bilatzen den egiazko edo jatorrizko bertsioaren noziorik ere ez da. Kopiak, errepresentazioen beharren arabera moldatzen ziren, eta horretarako errejent kopiagileak libertate osoa zuen aitzinetik bildu zituen kaierak nahi zuen bezala baliatzeko: testuak aldatuz, emendatuz, laburtuz, nahasiz, nehoren baimenik gabe eta bere buruaren justifikatzeko beharrik gabe, ez nehoren alderako zorrik sortu gabe. Hortakoz, pastoral batetik bestera bertset kopurua alda daiteke, eta ez dira falta testu kontaminazio garbia erakusten duten kaierak, hots pastoral desberdinetako zatiez osatuak diren pastoral testuak, desberdintasun hori oso-osoa izanik gainera: gaien aldetik, garaien aldetik, bai eta, pastoraletan fartzak ere sartzen zirenean, generoaren aldetik ere.

B. Oyharçabal

Itzulpena: M. Bedaxagar