• Pastorala zer den

    Euskal pastorala, Xiberoko antzerti herritarra da. Pastorala genero epikoari dagokio, ezaugarri nagusia abentura baten kontatzea baitu.

    Kanpoan jokatzen den antzerki bat da eta ofiziokorik gabeko da. Urte guziez, herri bateko bizitzaileak edo herri multxo batekoak biltzen ditu.

    Herriko besta handi bat da.

    Gehiago jakiteko
  • 1

Eskuizkribu zaharren artatzeaz

Eskuizkribu zaharren artatzeaz

 

Gaur gure eskuetan ditugun eskuizkribu zahar gehienak jakintsu zenbaiten (A. d'Abbadie, G. Hérelle, J. Vinson, eta W. Webster, bereziki) zuhurtziari esker begiratuak izan dira. Berrehun bat eskuizkribu bilduak izan dira horrela, G. Hérelleren zenbaketaren arabera: ez da guti, euskal literaturaren ekoizpenen kopuruak iraganean nolakoak izan diren kontuan hartzen badugu bereziki, areago zuberazko literaturaren testuinguruan egonik.

         
Hélène de Constantinople - Baionako Mediateka, Ms13   Roland ou les 12 pairs de France - Funts pribatua, FPPDS_PA05

Dokumentu horien balioaz oharturik eta betiko galtzeko lanjerretan zirela ikusirik, jakintsu horiek eskuizkribuak erosi zituzten liburutegi publiko zenbaitetan uzteko, Baionan, Bordelen eta Pariseko Liburutegi Nazionalean. Bi gerlen artean, Euskal Museoak ere pastoral eskuizkribu bat andana bat bildu zuen, 19. mendeko errejent baten alabatxia zen Campan-Latsague anderearenganik lehenik, eta Malartic anderearenganik geroago. Egun, azken urte hauetako aitzinamendu teknologiko handiei esker, dokumentu horiek numerizatuak izan daitezke, eta orduan nork bere etxetik ikus ditzake, dokumentuak berak batere funditzeko irriskurik izan gabe.

Roland - Bordaleko liburutegia, Ms1695-17

Erran gabe doa, bestalde, Xiberoko etxe zenbaitetan ere pastoral eskuizkribu zahar batzuk badirela oraino. Dokumentuen balioa ezagutzen dutenek behar bezala begiratzen dituzte eskuizkribuak. Haatik, ez dira kontsultagarri orduan, ez aise bederen. Horregatik esperantza izateko da eskuizkribu horien numerizazioari esker, haien kontserbazioa deusetan kaltetu gabe zabalkunde publikoaren sareetan sartzen ahalko direla piskanaka. Hori jadanik gertatu da liburutegi pribatu bateko dokumentuekin: jabeak hauen numerizatzea onartu du, baita hauen interneten ikustea ere.

Alderantziz, jabeek kaier horien balioa ezagutzen ez dutenean, edota eskuizkribua badutela ere ez dakitenean, bada lanjerra dokumentu horiek desager daitezen, hala nola aitzineko hamarkadetan anitz eskuizkriburekin gertatu bide baita. 19. mendean berean jadanik, W. Webster, Xiberoko pastoralen interesa seinalatu zuen ingeles folkloristak, bazioen dozena bat urteren epean, 1864tik 1877ra, bi pastoral bilduma desagertzen ikusi zituela, bata, oso aberatsa, barreiatua izanik, eta bestea, eskuizkribuak ondoretasunaz eskuratu zituen alabak, haien jabea zen errejenta hil eta, errerik. Badakigu halaber, 20. mendeko errejent familia famatuenetarik batek, Heguiaphal familiak, berrogei bat kaier galdu zituela, haien etxea 1898an suak harturik.

Jakintsuek bildu kaieren artean ere galtzeak izan dira. Hala gertatu da adibidez Clovis pastoralaren eskuizkribuarekin: 1839an, Frantziako Liburutegi eta Artxiboetako ikuskari batek, J.A Buchonek, zenbait egun pasatu zituen Xiberoan, karia horretara, Les Trois Martyrs izeneko pastorala ikusi baitzuen Santa Grazin, eta eskuizkribu bat Saffores errejentari erosi Atharratzen: Clovis pastoralaren eskuizkribua, hain zuzen. Buchonek orduan utzi zuen lekukotasunaren arabera 1500ekoa omen zen eskuizkribu hura, eta horregatik erosi zuen. Zorigaitzez laster galdu zen kaier hura eta nehork ez zuen gehiago ikusi. Egia erran, datazio hori, euskal testuei buruzko egungo ezagutzak kontuan harturik, guziz sinesgaitza iruditzen zaigu, eta ez ohi dugu Buchonen errana aintzat hartzen. Ordea, dokumentua galdua izanik ezeztabide materialik ez da gehiago.

B. Oyharçabal

Itzulpena : M. Bedaxagar

Emazte pastoralak

Emazte pastoralak

 

Pastoral esküidatzi zaharrak lehenagoko pastoralen jakile hoberenak dira. Horik direla medio, Xiberoko antzerti zaharra hüilanetik ikertzen ahal dügü. Pastoral xaharren berezitarün nausietarik bat, generoa da : lüzaz, gizonek baizik edo emazteek baizik emanik ziren pastoralak. Albert Léon-ek idazten züan pastoralen erregla nausia “tauladaren gainean sexoen ez nahastea” zela.

Esküizkiribü zonbaitetan, untsa ageri da pastoraleko arizaleak, emazteak ala gizonak zirela, sekülan ez biak.

 Geneviève de Brabant, Médiathèque de Bayonne, Ms11

« Cette pièce a été représenté [sic] le 7 juin 1849 par l[es] Mademoiselles de Mauleon »

 

Iragan denboretan, tradizio herritar hau gizonei baizik ez zen irekia. Europako beste herrialdeetan ere hala zen, baina hemen usantza matxistak gure auzo diren Frantzia eta Espainian baino gehiago iraun du. 1976an Santa Grazin, Junes Cazenaveren Santa Grazi trajerian, emazteak lehen aldikoz kantuz aritu ziren koroan. Ondotik, 1980an, emazteak lehentze beren roletan sartu ziren, Pierra Bordazarre / Etxahun-Iruriren Iparragirre obran, Urdiñarben.

Jakin dezagun halere, emaztez osaturiko pastoral batzu egin izan direla, erregina edo emazte saindu baten ohoretan. Erran gabe doa ez zutela gizon pastoralek bezain ospe handia, ezen pastorala berez gizonezkoa baitzen, izatez eta definizioz maskulinoa. Unibertsaltasunaren adierazpena ere  maskulinoa zen, femininoa alor berezi eta pribatukoa zelarik.

Zorionez, denbora hori bukatu da. Bainan, ondare historikoa dela eta, pastorala oraino maingu gelditzen da emazte roletan. Oso zaila da emazte rol handien aurkitzea. Orain arte, salbuespenak salbuespen, emazteak bizi publikotik kanpo bizi ziren. Frantziako Errepublikan, emazteek bozkatzeko eskubidea 1944an baizik ez dute lortu, erresumaren librantzatik landa, behin-behineko gobernuburu zen Charles de Gaulleren agiri baten ondotik. Egia da idazleek eta errejentek bigarren rola ederrak eskaintzen dituztela emazteei, baina hori ez da aski. Ausardia pixka batekin, ongi xerkatuz, emazte sujet eder batzu edirenen ditugu, lehen rolean agertarazteko. Horretan, zaharrak gu baino hobe ziren, erregina edo emazte saindu figura ederrak ospatzen baitzituzten, Jeanne d'Arc bezala, nahiz tauladan gizonek ordezkatuak ziren. Trajeria berrietan azpimarra dezagun halere salbuespen bat : Pierre-Paul Berzaitzen Madalena de Jauréguiberry pastorala,  Eskiulan jokatua 2000. urtean. Ohore haiei !


18 eta 19. menteak

 

Le personnage de Jeanne d'Arc, Ossas, 1910. M. de Bayonne. Ms112

Emazte pastoraletaz egin den lehen aipamena 1796koa da eta Georges Hérellek (1848-1935) dü egiten. Urte hartan, estatüko administrazioneak, debekatü ümen züan Ligin eman behar zen emazte pastoral bat.

Orotako lehen emazte pastorala, Santa Engrazi da, Ligin jokatürik izan dena. Arüek ere jokatü züan, 1835ean. Bada beste süjet bat üsü jokatürik izan dena, hau da Geneviève de Brabant. Mauleko neskatilek 1849ko arramaiatzaren 9an jokatü züen, Uharte-Hiriko neskatilek ere 1863an (urtea düdazkoa da), bai eta Montorikoek ere 1878an. Azkenik, emazte pastoraletan den süjet famatüenetarik bat Santa Elena da, eta hau Bildozen eman zen 1850 eta 1870ean, Zalgizen 1874ean, Uharte Garazin 1875ean eta Garindainen 1874ean. Orotara, 19. mentean, hamar bat emazte pastoral jokatürik izan dira.

Emazte pastoralek ez züen gizon pastoralek bezain beste ospe. Xüxen ez dakigü zonbat emazte pastoral emanik izan den orotara, bena segür gira gizon pastoralak beno puzkaz apürrago direla. Zinez gaitz da nombrearen jakitea, besteak beste, emazte pastoralak gizonek ere jokatzen beitzütüen. 1834an, Gotaintar gizonek Hélène de Constantinople jokatzen düe beren herrian, eta Atharraztarrek ber gaüza egiten düe 1840ean. Halahala, Santa Margarita pastorala Larribarren jokatzen da 1818an, eta ezpeizen 1825ean, eta arizaleak oro gizon dira.

Lire le témoignage de Jean-François Samazeuilh sur la pastorale Sainte Hélène jouée par des filles à Abense en 1850. Voyageur dans les Pyrénées, il publie Voyage de Bayonne aux Eaux-Chaudes, en passant par la Basse-Navarre et la Soule en 1858.

 

20. mentea

 

20. menteko lehen emazte pastorala, Santa Margarita, Altzürükün emanik izan da. Hau, 1905ean jokatü zen, pintakoste astelehenarekin, eta orano ere oritzapenak badira altzürükütarren artean.

Urte zonbait berantago, 1909an, Santa Elena pastorala emaiten düe Urdiñarben. Herritarren arteko gaixki jiteak direla eta, hiru pastoral emanen dira ber urtean ! Lehenik, meraren aldekoek Roland emanen düe bazko astelehenez. Bena apezak pastoralaren ezeztaraztea  iseatüko dü. Ez da heltüko eta Abraham jokaraziko dü bere jarraikizaleekin. Halabena, merak ez dü züzenik emanen plazako teatrearen gainean jokatürik izan dadin, ez eta herriko güne püblikoetan ere. Etxalte batetako lürretan jokatüko düe ordüan Abraham, maiatzaren 31an. Neskatilek beren aldetik, eta merari jarraikitzez, Santa Elena jokatüko düe eliza ondoko teatrearen gainean, arrabotüan. Ber egünean, apezaren jarraikizaleek Abraham arrajokatüko düe beren teatrean, bena jente gütixko baizik ez düe bildüko !

Neskatilek, Santa Elena pastorala jokatüko düe aro ezinago gaixto batetan. Leopold Irigaray Ligiarrak, Hérelleren lagüntzale fidelak, kontatzen dü pastoral denboran eta lehen ere, ebite izigarriak izan zirela, eta hori dela kausa, arrestiriko 15:30tan, jargien alde bat iraüli zela eta itxes handiak sortü. Jente batek bizia galdü züan, eta beste andana bat kolpatü.

         
Pastorale Sainte-Hélène, Ordiarp, 1909 - Médiathèque de Bayonne. Ms112   Billet d'entrée pour la pastorale Sainte-Hélène - Médiathèque de Bayonne. Ms112

 

Neskatilek, Santa Elena Maulen berriz eman züen 1909ko ürrietaren 17an. Irigaray-ek idazten dü pastoral hori Urdiñarbeko itxesaren fresen pakatzeko egin zela. Pastorala trinketean eman zen, Jean Héguiaphal errejentaren manü pean. Georges Hérelle han zen pastoral egünean, eta bere paperetan idazten dü arizaleak oro emazte zirela salbü “satanak, [eta] lehua eta otsoaren personajeak, zoinek ere Elenaren haurrak bahitzen beitütüe”. Eta gisa hortan finitzen dü :“ beste personajeak oro, errege kiristi edo türk, soldado kiristi edo türk ...etb emazte dira”.

Pastorale Sainte Hélène, Chéraute, 1908. Médiathèque de Bayonne - Ms112

Holaz, emazteek gizonen rolak egiten dütüe. Bena ez dira horregatik gizonez bezti : argazkian ageri den bezala, oro arropaz bezti dira. Hérellek idazten dü : “ gizonez bezti diren emazteek arropa llabürrak dütüe, belhainetara heltzen direnak, [eta] emaztez bezti direnek aldiz, arropa lüzeak dütüe, lürrela artio heltzen direnak”.

Aitzineko urtean, 1908an, Sohütak ere Santa Elena eman züan, bazko igantearekin. Bena hau besteak ez bezalako pastorala izan zen, ezi, gizonek eta emazteek algarrekin erauntsi beitzüen. Gisa hortan, türken rola, aita saintüarena, aingürüarena eta apezküpüaren gizonek egin züen.

 

 

Üsantxa xaharrer bühürdüra bat

 

Holaz, pastoral zonbaitetan gizonek eta emazteek algarrekin erauntsi düe. “Causeries du Pays Basque” librüan, Charles d'Abbadie d'Arrast andereak dio : “Uharte Garazin, plaza nausian, gizonek bai eta emazteek jokatü züen Geneviève de Brabant ”. Hortaz gain, Hérellek dio, 1868an neskatila batek Satan rola bat eraman züala Ligin. Iraultza denbora, 1799an, Clovis pastorala gizonek eta emazteek algarrekin eman züela dio Hérellek, manüskrito batetan irakurten ahal den bezala : “lundi 30 mai 1799, ont joué cette pièce, par les citoyens et citoyennes ci bas nommés”. Halere, emazteen parte hartze hori zinez bekan agitzen da.

Gizonak eta emazteak orozbakoz nahastekatzen hasten dira 1980 urteeetan. Ordüan dira emazteak gizonen pastoraletan sartzen. 1976an, Aita Junes Casenaveren Santa Grazi pastoralean, emazteak kürretan sartzen dira lehentze, eta 1980an, emazte rolak egiten dütüe Iparagirre pastoralean, Urdiñarben.

 

Emazte pastoralak ez dira horregatik galtzen

 

Ata, emazte pastoralak ez dira desagertü. 1953an, berrogeita bost urte hartan emazte pastoralik egin ez zelarik, Ligiko neskatilek Santa Elena emaiten düe, Gracieuse Aguer-ekin süjet kargüan. Hogeita bost urte berantago, 1979an, eta emazte pastoralen üsantxari jarraikiz, neskatila saldo batek Ximena pastorala emaiten dü Atharratzen, eta arrakasta ederra biltzen. Batista Urruty errejentak erran züan: “Eraman pastoral güzien artean, Ximena pastoralarena ene oritzapenik hoberena dateke” (A. Aguergaray-ek bildürik).

2014ean, xiberotarsa talde batek Akitaniako Alienor pastorala presentatzen dü, eta emazte pastorala XXI. mentean sartzeko bide honetan dela erakasten...

Maider Bedaxagar - Jean-Louis Davant

Pastoral xaharren eskuizkribuak

Pastoral eskuizkribu zaharrak

 

Pastoral eskuizkribu zaharrak, erran nahi baitu 20. mendea baino lehenagokoak, balio handiko ondasunak dira. Bi gisatara: alde batetik, hizkuntzari dagokionean, xiberotar euskalkiaren korpus guziz aberatsa eskaintzen baitute; eta beste aldetik, literaturari doakionean ere, Xiberoan egun ere oraino bizi-bizirik dagoen euskarazko herri teatro baten iraganaren berri ematen baitigute.

Eskuizkribu hauek, 19. mendearen hondar parteko jakintsu batzuei esker salbatu ziren. Hauek indar berezi bat egin izan ez balute orduan haien begiratzeko, gauza guti genekike pastoralen lehenagoko errepertorioaz eta teatro horren iraganaz, dokumentu haiek baititugu informazio iturri nagusiak, eta zaharrenak.

Alabaina, lehenbiziko eskuizkribuak 18. mendearen erditsukoak dira, eta errepresentazioez eginikako lehen deskripzioak 19. mendekoak. Antzerki honi buruzko ezagutzak 20. mendearen hatsarrean, aitzinatu eta finkatu ziren, Georges Hérelle, bere irakaskuntzako ibilbidearen bururatzeko Baionara etorria zen filosofia irakasleari esker oroz gainetik.

 

B. Oyharçabal

Sainte Elisabeth de Portugal pastorala, 1750. MBHB, Ms14

Pastorala zer den

Euskal pastorala, Xiberoko antzerti herritarra da. Pastorala genero epikoari dagokio, ezaugarri nagusia abentura baten kontatzea baitu.

Kanpoan jokatzen den antzerki bat da eta ofiziokorik gabeko da. Urte guziez, herri bateko bizitzaileak edo herri multxo batekoak biltzen ditu.

Herriko besta handi bat da.

Irakurri gehiago ...