• Pastorala zer den

    Euskal pastorala, Xiberoko antzerti herritarra da. Pastorala genero epikoari dagokio, ezaugarri nagusia abentura baten kontatzea baitu.

    Kanpoan jokatzen den antzerki bat da eta ofiziokorik gabeko da. Urte guziez, herri bateko bizitzaileak edo herri multxo batekoak biltzen ditu.

    Herriko besta handi bat da.

    Gehiago jakiteko
  • 1

Jokatua den antzerkia

Jokatua den antzerkia

 

Pastoraleko testua euskaraz idatzia da, hain zuzen ere  zubereraz. Jokalariak tauladan hara-honakatzen dira, erregela zehatz batzuei jarraituz, urratsak makilaz markatuz, erritmoan, eta testua aire gregoriano batean salmodiatuz. Pastorala bertsetez egina da, bertset bakoitza bi neurtitzez osatua delarik. Neurtitz bakoitzak hamalautik hemezortzi arteko silaba kopurua kontatzen du, hots batazbeste hamasei oin, erdian eten batekin. Liburuxkan, maizenik bertseta  lau lerrotan idazten da, lauko bertso baten gisa. Halere ez da egiazko laukoa, bikoa da, distikoa.

Saint Roch pastorala. Baionako Mediateka, Ms12

 

Orotara, antzerkiak 220tik 250 arteko bertset kopurua kontatzen du, kantuetako bertsoak barne. Hauek beste gisaz idatziak dira, frantses alexandrinoen baliokideak diren hamahiru oineko neurtitzetan, eten batekin zazpigarren oinean. Testua  hiru ordutan jokatzeko pentsatua da.

Bi edo hiru jelkaldi guziez, kantu bat kantatzen da, bertset deklamatuen monotoniaren hausteko. Kantuak bakarka, binaka edo taldean kantatzen dira. Beste bi elementuk artekatzen dituzte jelkaldiak : alde batetik gorrien eta urdinen arteko gudukek, eta bestetik xiberotar dantza herritarrek. Hauetan, Satanek eta haien ele pipertsuek publikoa loriatzen dute, gorrien alderdia sustengatuz. 1990an Abadia Ürrüstoi trajerian, berrikuntza bat sartu zen : "türk     andereak". Hauek manera erne eta bizi batean hara-honakatzen dira tauladan, helburua dutelarik goxoak ez diren egia batzuen erratea gordinki. Ahozko horretan, Satanen lekua hartzen dute, publikoak Satanen solasak baino maiteago baititu haien frisatak. Rola berri hau dela medio, emazteek parte gehiago hartzen ahal dute pastoraletan. Izan ere, emazteak gizonak baino kopuru handiagoan ageri dira orain euskal antzerti horretan.

 

  Liburuxkari esker, ikusliarrak antzerkia segitzen ahal du, bereziki euskaldun ez denak. Hamarka urtez, libreta hiru hizkuntzatakoa izan da : euskara, frantsesa eta espainola. Orai,  liburuxkak bi hizkuntzatan egiten dira, euskaraz eta frantsesez. Izan ere, Hegoaldeko jendea, lehen baino gutiago heldu dena, osoki euskalduna da, eta ez da Xiberora heldu espainolez irakurtzera. Azkenik, itzulpenari doakionez, bertset guziaren itzultzeko partez, bertsetaren laburpen bat proposatzen da : horrela, euskaldun ez denak pastorala goza dezake irakurketan denbora gehiegi galdu gabe.  
Robert le Diable pastorala. Baionako Mediateka
      Uskaldunak ibañetan pastorala. Funts pribatu

 

José Mendiague pastorala, Arrokiaga, 2012

 

Antzerki oso bat da,  kopla kantatuak, bakarkako kantuak, taldekoak, prozesiotik bildu ibilaldi liturgikoak, jestu erritual batzu, xiberotar dantza herritarrak, ala kanpoko dantza batzu uztartzen dituena...

Pastorala ez da antzerki errealista,  antzerki burgesa bezala adibidez. Ez du errealitatea zuzenka isladatzen, baina bai bere manera berezian irudikatzen. Gisa horretan, antzerki sinbolista dela erran dezakegu, ez bada surrealista. Izan ere, ingurumen miresgarri, zoragarri eta magiko batean kokatzen den antzerkia da.

Axaletik begiratuz, pastoralak opereta emanaldi bati pentsaraz dezake, baina alderdi arin hori ez doakio batere, trajeriak alde epiko eta tragiko bat baitu : antzerki noble bat da, larritasun kutsu batekin, eta horrek komedia musikaletik garbiki bereixten du. Euskal opera bat dela erratea xuxenago litzateke.

J.L. Davant

Itzulpena: M. Bedaxagar

Georges Hérelle, etnologoa

Georges Hérelle, etnologoa

 

Georges Hérelle Pougy-sur-Aube herrian sortu zen, Troyes ondoan, 1848ko agorrilaren 27an. Louis-le-Grand lizeoko ikasle ohia da, eta lizeoetako zeingehiagoka nazionalean saritua izan zen (“Concours général” delakoan). 1896ko eskola sartzean, Georges Hérelle Baionako lizeoan sartzen da, aldi honetan irakasle, filosofiakoa. Berrogeita zortzi urte ditu eta Cherbourg hiritik dator. Alta, irakaskuntzan gustu handirik ez du: 1903an ordaindu gabeko oporraldi bat erdiesten du, eta 1905ean erretreta goiztiarra galdegiten.

Oroz gainetik maite dituenak hizkuntzak dira. Izan ere, idazle handi batzuen itzultzailea da, hala nola Gabriele d’Annunzio (1863-1938) italiar idazlearena eta Blasco Ibañez (1867-1928) balentziar idazlearena. 1897an, Frantses Akademiako Langlois saria erdiesten du Le Vergini delle rocce, Annunzio idazlearen obraren itzulpenarentzat (Calmann-Lévy, 1897)[1].

Georges Hérelle bere bulegoan, 1905 inguruan. Labat-en argazkia. Grand-Troyes Mediateka - Ms3494

 

Hizkuntzei interesatzen zaie bai, baina ez euskarari. Hiru urtez, ez dio euskarari kasu izpirik eginen. Euskara ez da munduko ondasunetan sartzen. Behin, lankide batekin solastatzen da eta gure kulturaren existentziaz ohartzen, berezikiago ahozko kulturaz eta honi lotua zaion ondasun paregabeaz: pastoralak.

1899ko martxoa zen. Hiru urte ziren Baionan bizi nintzela, eta sekulan ez nuen deus entzun euskal antzerkiaz. Euskal Herria ez zen oraino modan, eta nehori ez zitzaion interesgarri han gertatzen zena.

Behin, lizeotik ateratzean, Leclerc jaunarekin, espainoleko irakasle eta adiskidearekin solastatzen hasi nintzen, eta Xiberoko pastoralak aipatu zizkidan.

- Xiberoko pastoralak? Zer dira? galdegin nion izen hori sekulan ez entzunik.

- Herri antzerki bat da, plazetan jokatzen dena. Xiberoko jende gazteak dira ari horretan.

- Interesgarria ditaike.

- Ez. Pastoralen gaiak Bibliako pertsonai zahar batzu dira, ala saindu batzu, haurren dibertitzeko ongi direnak. Arizaleak mutikoak dira, eskolatugabeak, eta jantzi erridikulo batzurekin kantuz ari direnak, aire ezinago sinple batean, eta jestu moldakaitz batzurekin.

- Antzerki ezohiko hortaz erraten didazunak ez dit nehondik ere ikusteko enbeia kentzen. Laster jokatuko ote dute  bat?

- Batere ez dakit. Baina koinata bat badut Xiberoan, Ligin, Goux jauna, eta hark jakinean atxikitzen ahal nau. [2]

 

Hilabete bat berantago, hala non Georges Hérelle Hauzera abiatzen den, Atharratzeko kantonamendura, Abraham pastoralaren ikustera. Apirilaren 16a da, eta egun horretatik haste, pastoralek leku amorratu bat hartuko dute Georges Hérellen bizian.

Guziz xarmaturik itzuli nintzen handik, kasik horditurik emanaldi horren berezitasunaz, eta oroz gainetik bere arkaismoaz. Pastoralen jatorriaz oraino deus ez nekiela, gauza oso zahar bat bazela senditu nuen hor, hurbilagotik ikertzea merexi zuena. Sentimendu hori bizi-bizirik gelditu zait, izan ere, lagunek oso kontrako iritziak partekatzen zituztelarik, pastoralei buruz zerbaiten idazteko xedea aipatu nien. [3]

Hortik goiti, Georges Hérelle iraunkorki  jarraikiko zaie pastoralen ikerketei. Kuriositatez beteriko objektua bazaio ere, metodologia handirekin ikertuko du, analisi literariorako erabiltzen diren irizpideei jarraituz, edota antzerki interpretaziorako eta inkesta etnografikoetarako baliatzen diren arau zientifikoei jarraituz. Hamar bat pastoral ikusi ditu orotara. Aldi guziz, oharrak inkesta-liburutto batean idazten ditu, eta zortzi orrialdetako galdetegi bat prestatzen du, orduko inkesta etnologikoen eredura. [4]

Georges Hérelle pastoralen ikerketetan aitzindari izan da. Hori dela eta, euskal munduko “ikertzaile atrebitu eta oso artatsu”[5] horietarik izan da, eta Euskal Herriari buruzko idazleen familia handian sartzen da. Hauek, euskara mintzatzaile ala ez, interes berezia erakutsi zuten herrialde horretako usantzengan, eta aitzinetik nehork bildu ez zituen usaia-tradizioak seinalatu zituzten, nehor ez baitzen ohartu haien garrantziaz, hain baitziren ohikoak Euskal Herrian. Honelako edo halako jokamolde sozialen biltzearekin batean, euskal identitatearen markoak eraiki zituzten, berantago “kultur adierazpentzat”  definitu zituztenak. Hauen artean, aipa ditzagun nahas-mahas: J.-F. Bladé, J.-A. Buchon, A. Chaho, W. d’Abartiagues, J. Vinson, W. Webster, J.-P. Duvoisin, R. Gallop, H. Gavel, F. Michel, Ch. Bordes, V. Alford, J.-B. Daranatz edo J. Ithurriague, azken hori, Georges Hérellen gisa, belaunaldi baten diferentziarekin, Baionako Lizeoko irakasle izan dena.

Denis Laborde

Itzulpena, Maider Bedaxagar

 

1. Giovanni Gullace, Gabriele D'Annunzio in France: A Study in Cultural Relations, Syracuse University Press, 1966.

2. « Comment l’idée m’est venue d’étudier le théâtre basque », Bulletin du Musée basque, ohiz kanpoko agerraldia Hommage à Bayonne et au Pays Basque, 1932, 321 or.

3. Idem, 323 or.

4. Georges Hérelle, Les Pastorales basques, notice, catalogue des manuscrits et questionnaire, Vitry-le-François, Imprimerie de P. Tavernier, 86or. Berrargitalpena, Nîmes, C. Lacour, 2002.

5. Pierre Lafitte, Les Etudes basques à travers les siècles, Baiona, Euskal Museoko argitalpena, 1932, 9. or.

Georges Hérelle eta bere

Georges Hérelle eta bere "informatzaileak"

 

Jean Héguiaphal

Hérellek euskararik ez zekien beraz, baina bere buruaren untsa inguratzen jakin izan zuen, eta aditu frango bere ingurura hurbilarazi zituen, pastoralen munduaren barne-barnetik ulertu ahal izateko. Hauen artean, Jean Héguiaphal Sohütarra, errejent seme eta arra-seme, bai eta bi errejenten aita eta aitañi. “Errejent” , erran nahi baitu irakasle. Alde batetik, herritarrak trebatu behar dituen errienta da, pastoralaren ahal bezain ongi eramateko beharrezkoa den pertsona, baita erakasle ere, pastoralaren gaia erakatsi behar zielako.

Jean Héguiaphal informatzaile hoberenetarik izan zuen. Hérelleren Eskuizkribu Funtsa hostokatzen denean, usu, Héguiaphalen analisien azpian komentarioak ikus ditzakegu, hala nola, 1901eko ekainaren 8ko gutunean gorriz markatzen duenean: ”pastoralen historiarentzat inportantea”.[1]

 

Léopold Irigaray

Halarik ere, euskaldunen hizkuntza beti hain arrotz gelditzen zaio, eta horretan Léopold Irigaray izanen du laguntzaile fidela. Gizon honi esker, Hérelle errejenten jakituriaren mundu berezian sartzen ahalko da, bai eta pastoralen testuetan barna ere. Leopold Irigaray xiberotar aditua da: Pauen sortu zen 1875ean, Ligi-Atereien bizi eta Garindainen hil 1951an. Hérelleri ezin hurbilduzkoa zaion hizkuntza, euskara, emeki-emeki ezagutaraziko dio. Nola ez, Hérellek eraman pastoralei buruzko lana hein batean Lépold Irigarayekilako lan harremanari zor diogu. Izan ere, iduri du istorioak mirail baten itxura hartzen duela: Hérelle Ibañez eta Annunziorentzat izan den bezala, Irigaray bihurtzen da Hérellen itzultzaile, eta Irigarayren jakituria eta lanerako gaitasuna, bai eta haien arteko 30 urteko adiskidantza direla eta, Hérelleri pastoralen munduko ateak idekitzen zaizkio.

Izan ere, itzulpengoaren esparruan eta inkesta etnografikoen arloan hain usu gertatzen den bezala, eta Daniel Fabrek, Inversion et dislocation : les vies savantes de Georges Hérelle[2] obran dion bezala, etnologiaren historian maiz sortu den bikotea agertzen zaigu hemen: “alde batetik etnografoa, eta bestetik informatzailea (edo bere kulturaren bitartekari, edo adierazlea)”.

Muturretako bi munduren aliantzaren gertatzearekin, eta bakoitzak bere esparruko gaitasunak ekarri eta partekatzearekin batera, Georges Hérellek 700 bat orrialdeko lana idatzi du pastoralez, herri antzerki honetaz den lanik eredugarriena. Lan hau, 1925eko Opus Magnum obrarekin batera[3], euskal antzerkiei buruzko lanetan hauta da, eta honekin, Georges Hérelle euskal antzerkigintzari buruzko ikerlari lehenetan lehena.

 Denis Laborde

Itzulpena, Maider Bedaxagar

Léopold Irigaray eta Georges Hérellen arteko gutunezko harremana

Baionako mediateka eta Euskal museoak Irigarayek Herelleri igorri gutunak gordetzen dituzte, urteka sailkatuak :

 

1899           1900           1901           1902           1903           1904           1905
1906   1907   1908   1909   1910   1911   1912
1913   1914   1915a   1915b   1916   1917   1918
1919   1920   1921   1922   1923   1928   Datarik gabe

 

1. Hérelle Funtsa: Léopold Irigarayren gutuna, 1901eko ekainaren 8koa.

2. Daniel Fabre, Inversion et dislocation : les vies savantes de Georges Hérelle, Paris, CTHS argitalpenak, 2014

3. Georges Hérelle, "Etudes sur le théâtre basque", Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts et d’Etudes régionales de Bayonne, Paris, Honoré Champion.

Etorkiak eta bilakaera

Etorkiak eta bilakaera

 

1750ean jokatu zen Eskiulan, Biarnoko lurralde subiranoan, Sainte Elisabeth de Portugal trajeria. Honen testua, ezagutzen den lehena da. Luzaz pentsatzen ginuen pastoralik zaharrena Saint-Jacques zela, baina Beñat Oyharçabal Unibertsitateko irakasle eta euskaltzainak zientifikoki frogatu digu ez zela hala.

Eta 1750 aitzin zer ote ? Idazle anitzek jakin nahi ukan dute trajerien jatorria non ote zen : Jüsef Egiategi xiberotarrak (1700), Wilhem Humboldt prusianoak (1801), Agosti Xaho atharraztarrak (1835), Jean-Pierre Duvoisin lapurtarrak (1841), J. F. Bladé gaskoinak (1843), Francisque Michel frantsesak (1857), Wentworth Webster inglesak ( 19. mende bukaera), Georges Hérelle-k...

Eta Hérelle jin zen ! Baionako Lizeoko irakasle 19. mende bukaeran eta 20. mende hastapenean, pastoralen historialari bihurtu zen. Hamabost urtez, 1899tik 1914 arte, pastoral ugari ikusi ahal izan du. Euskararik ez baitzakien, Ligiko Leopold Irigaray aditu eta itzultzaileak laguntzen zuen.  Tokiz toki ikerketak eramaiten zituen, notak hartzen, eta pastoral eskuizkribuak han-hor biltzen. Kopia batzu eginarazi zituen, eta hauek Baionako Liburutegian eta Pariseko Liburutegi nazionalean utzi. Artikuluak argitaratu zituen aldizkari desberdinetan, eta ondotik bere lan guzia liburu hauetan bildu :

La représentation des pastorales à sujets tragiques, Paris, 1923

Les pastorales à sujets tragiques considérées littérairement, Paris, 1926

Le répertoire du théâtre tragique. Catalogue analytique, Paris, 1928.

 

         
Abraham pastoralako txartela, Urdiñarbe, 1909 - Baionako Mediateka. Ms112   Abraham pastorala, Urdiñarbe, 1909 - Baionako Medoateka. Ms112

 

Bere ustez, pastorala erdi-aroko frantses antzerkitik dator, zehazkiago misterioetarik. Izan ere, pastoralek misterioen teknika atxiki dutela dio : "lehen perediküa", "jelkaldiak", eta "azken perediküa". Horrez gain, errepertorioa ere misterioetarik heldu dela pentsatzen du : Testamentu Zaharra, Testamentu Berria, Sainduen biziak, abenturazko eta balentriazko istorioak, kondairetako pertsonaien biziak... Hérellek dio misterioak 16. mendean sartu zirela Xiberoan.

Aita Junes Cazenave pastoralgileak aldiz, trajeria anitzez zaharragoa eta jatorrizkoagoa dela dio. Izan ere, Agosti Xahoren iritzi berdina dauka honek, 1835ean pastoralari mila urtez gorako jatorria ematen baitzion.

Aitzitik Beñat Oyharçabalek dio pastorala aski berant sortu zela. Frantses teatroaren ondare  bat zaio, baina 17. mendean kokatzen du horren jatorria. Pastoral testurik zaharrena 1750koa baldin bada ere, garai horretan oso genero literario zoritua eta antolatua dela dio. Hain zuzen ere, halako zoritasun baten ardiesteko, urteak eta urteak behar direla pentsatzen du.

Txomin Peillen euskaltzain eta Unibertsitateko irakasleak ere hori pentsatzen du. Eta argumentu hau gehitzen du : 18. mendeetako pastoral idatziek, aitzineko mendeko euskararen arrastoak badituzte, ondotik moldatu edo desagertu direnak. Gehitzen du bere ustez pastoralak erresistentzia izpiritu batean sortu zirela, Biarnoko kalbinistei buru egiteko, eta berezikiago Paueko epaileei, xiberotarrak epaitzen baitzituzten Louis XIII.aren denboran. Jeanne d'Albreten neurriz kanpoko kalbinismoari buruz, Xiberoa haren bi lurraldeen artean korralatua baitzen, hots Biarno eta Baxenabarraren artean kokatua, haatik Baxenabarre, Xiberoko laborari mundua bezala, katolikoa zelarik. Erregina horrek oroitzapen saminak utzi ditu Xiberoan. Xiberotarrak Jeanne d'Albreten nagusitasun gosearen aitzinean, beren foruen eta liturgia joriaren galtzeaz beldurtu zitaizkeen. Herritarren gehiengoak ez zakien Izkirio Sainduen irakurtzen, eta testu hotz horiek baino anitzez nahiago zituen erlijio katolikoari lotuak ziren estatua ederrak,  irudiak, zeremoniak, prozesioak eta beilak. Horrela, kalbinistek ezeztatu sainduak tauladan ohoratzea deliberatu zuketen, eta hori euskaldunen hizkuntzan, nahiz biarnesa orduko hizkuntza handi eta ospetsu bateko dialektoa zen. Zentzuzko arrazoia da Peillenek errana, eta sinesgarritasun handikoa.

 

         
Etchahoun pastorala. Barkoxe, 1962
  Agota pastorala. Altzai, 1999

 

Goraxago, pastoralen errepertorioa aipatu dugu larri-larria. Azken denboretan, aldaketak jasan ditu. Eiki, Euskal Herriko eta euskal eremu ohietako pertsonaia historikoak sartu dira pastoralen zerrendan. Horrela, lehenagoko turkoen eta giristinoen istorio zaharkituetarik harat, pastoralari hats berri bat eman zaio. Bihurgune  hori, Iruriko Pierra Bordazarre / Etxahun-Iruri poetari zor diogu. Honek 1953an, Barkoxen, 19. mendeko Etxahun-Barkoxe poetaren omenez jokarazi zuen Etxahun koblakari trajeria. Orotara bederatzi trajeria idatzi ditu, eta horietan zortzi euskal sujetei buruz. Halere, tradizioaren hariari berriz lotuz, Gaztelako andere baten istorioa ere omendu du, Ximena trajeriarekin.

Zantxo Azkarra pastoralaren zati bat ikusi (Gotaine, 1963)

Beste idazle batek ere pastoralen garai berri horretan eragin handia ukan du :  Aita Junes Casenave Betharramita, Santa Grazikoak. Historiaren errespetua, bertseten eraikitzeko araudi zorrotza,  baita euskararen eta berezikiago hiztegiaren maila gora bat ekarri ditu. Etxahun-Irurik, orduraino bezala, frantsesezko istorio batzu libroki egokitzen zituen euskaraz. Casenavek aldiz, bere pertsonaiaren biografia artoski ikertzen du artxiboetan eta liburuetan. Gazteagoek haren ber bidea segitzen dute puntu horretan, bai eta neurtizgintzari eta euskararen mailari doakienez ere.

Egungo egunean, pastoral idazle anitz bada, eta bakoitzak bere antzerkiaren jokarazteko zailtasunak ditu. Aldiz errejentak oso guti dira.
 

La maquette de la pastorale Napoléon 1er (1927) conservée au musée basque et de l'histoire de Bayonne : permanences et évolutions.

 

          Sophie Larrandaburuk, abesbatza zuzendaria, pastoralaren bilakaerak aurkezten ditu : 1927 eta gaur egun arte (Napoleon 1.a pastoralaren maketa Baionako Euskal Museoan da). Lehen bideo honetan pastoralaren forma aldatu dela adierazten du, baina kode tradizionala eta koloreak atxiki direla. Pastoraletako gaien bilakaera ere aipatzen du eta XX.mendean Etxahunek sartu zuen aldaketa ere.
Baionako Euskal Museoa
   
     
Sophie Larrandaburuk errejentaren eta musikarien  errolak aipatzen ditu hemen. Esplikatzen du ere nola ikuslegoa oholtzatik urruntzeak soinu tresneriaren erabilpena ekarri duela. Azkenik, ohartarazten du, nahiz eta pastoralak denboran aldatzen joan diren, zuberoako antzerki mota horren berezitasun batzuk atxiki direla : bertsoen deklamazioa, sartze eta ateratzeko mugimenduak, musikaren presentzia..          
    Baionako Euskal Museoa

 

Xiberoko herritarren kopurua urrituz baldin badoa ere, eta harekin batean euskaldunen kopurua, pastoralak oso bizirik eta jendeari ideririk dirau. Zuberoako jendetzaren murrizte hori dela eta, dagoeneko publikoaren erdixea Baxenabarre eta Lapurditik datorkio, eta parte ttipi bat Biarnotik. Urte guziez, Xiberoan, bai eta Iparralde osoan, udako gertakizun nagusia da pastorala. Jean Vilar zenak arrazoin zuen, trajeria "euskaldunen antzerti nazional herritarra" zela zioenean.

J.-L. Davant

Itzulpena: M. Bedaxagar